Oreina eta Espedizio handia, Edinburgoko Nazioarteko Zinema Jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdi entzutetsuan euskal zineak toki berezia izango du #ScotlandGoesBasque programaren eskutik: datozen egunotan Koldo Almandozek bere Oreina eta Iban del Campok Espedizio handia film laburra aurkeztuko dituzte, eta zine industriaren hainbat profesional bertaratuko dira Edinburgora euren lanak aurkezteko.
Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdi entzutetsuan euskal zineak toki berezia izango du #ScotlandGoesBasque programaren eskutik: datozen egunotan Koldo Almandozek bere Oreina eta Iban del Campok Espedizio handia film laburra aurkeztuko dituzte, eta zine industriaren hainbat profesional bertaratuko dira Edinburgora euren lanak aurkezteko.
#ScotlandGoesBasque programaren ekimenez, Eskozian euskal zinearen udaberria izan den honetan, apiriletik maiatzera bitartean euskal zinemagintzaren berrogei urteren atzera begirakoa aurkeztu zuen CinemaAttic erakundeak Glasgown, Edinburgon eta Erresuma Batuko beste zenbait hiritan. Orain, Eskozian Euskal Herriko zinegileei eskainitako programazio horrek bere lekua izango du Edinburgon, nazioartean egiten den zine jaialdi zaharrenean, kasu honetan euskarazko zine berrienari bide eginez.
EIFFren Focus on Spain ildoan, Koldo Almandozek Oreina (2018), aurkeztuko du ekainaren 24an eta 26an, Eskozian estreinako aldiz; eta Iban del Camporen Espedizio handia (2018) zientzia-fikziozko pelikula, Kimuak euskal film laburren iazko bildumako piezatako bat, 26an izango da ikusgai, Erresuma Batuan lehenbiziko aldiz; filma hori Focus on Spain ildoaren baitan film laburrei eskainitako Spotlight on Contemporary Spanish Short Films emanaldian aurkeztuko da. Oreina da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) bigarren luzemetraia. Zuzendariaren beraren gidoian oinarrituta, Txintxua Films-ek ekoitzitako filma gizakien eta espazio geografikoen mugez mintzo da, Khalil eta Jose Ramonen arteko harremana abiapuntu duela. Pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen 2018ko Donostia Zinemaldian. Espedizio handia, berriz, Iban del Campok (Arrasate, 1971) Antonio del Camporekin batera idatzi eta Limbus Filmak-ekin elkarlanean ekoitzitako pelikula laburra da. L’Estrange familia antzezle duen zientzia-fikziozko pieza horrek artxiboko materiala eta familiarteko Super 8 bideoak batzen ditu, planeten arteko bidaien zirrara islatu asmoz.
Gainera kultur eragileen artean zubiak eraikitzea helburu duen #ScotlandGoesBasque programak Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiak industriari zabaldutako atalean hainbat topaketa bideratu ditu. Zineuskadirekin elkarlanean, joan-etorriko misio bat egingo da: orain euskal zine industriako zazpi profesional izango dira Edinburgon EIFFen bat egiten duen merkatua ezagutu eta euren lanak aurkezteko. Ondoren, irailean, Donostia Zinemaldian Glocal meets Scotland koprodukzio topaketa egingo da: zenbait eskoziar ekoizle gonbidatuko dituzte Zinemaldian dauden glocal herrialdeetako, hau da, hegemonikoak ez diren europar hizkuntzetan film luzeak ekoizten dituzten profesionalekin elkartzeko.
1947. urtean sortutako Edinburgh International Film Festival (EIFF) delakoak etengabeko ibilbidea egina du ordutik hona eta egun plataforma garrantzizkoa da Eskoziako, Erresuma Batuko zein nazioarteko zine-komunitateen elkarlanerako. Mundu mailako sona duen topaketa horrek zinearen inguruko hausnarketa eta aniztasuna sustatzea ditu helburu.