Musika-zubia Japonia eta Euskal Herriaren artean
2015/07/22
Euskara. Kultura. Mundura.
Benito Lertxundi, Skasti edota Esne Beltza bezalako taldeen erritmoak Japoniako hegoaldeko irla txiki batean ezagunak izatea posible al da? Erantzuna baiezko borobila da, John Potter irakaslearen lanari esker. John Potter musikan aditua Ingalaterran jaio zen, baina duela urte dezente Japonian bizi da. Bertan piztu zitzaion Okinawako musikarekiko zaletasuna. Baina badu beste pasio bat ere: euskal musikagintza. Bi lurraldeetako musika alderatzeko asmoz eta gure musikagintzaren inguruko ezagutza zabaltzeko xedearekin, ´Roots Music of the Okinawans and Basques´ ikastaroa eskaini du Okinawako unibertsitatean, apiriletik hona.
Bertan, ikasleek bideo ezberdinak ikusi dituzte eta euskal musika ezberdina entzuteko parada izan dute: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Oreka TX, Kepa Junkera, Alaitz eta Maider, Esne Beltza, Korrontzi, Elustondo, Kirmen Uribe, Benat Igerabide eta Skasti, esaterako. Gainera, Euskal Herriaren inguruko dokumental bat ere ikusi dute. Ikasleek interes handia izan dute ordura arte ezezaguna zuten gure kulturarekiko, eta beraienarekin alderatzeko ariketak egin dituzte.
Bi alorrak batu nahian “The Basque Ryukyu Bridge” facebookeko orrialdea sortu zuen Potterrek, “Power of Okinawa” blogaren jarraipen moduan. Bertan, euskal kultura musikalaren inguruko datuak biltzen ditu, ikus-entzunezko euskarriekin osatuak (bideoak, audioak, webgune interesgarriak…) ingelesez eta japonieraz. Gurearen eta Ryukyu irletako musikagintzaren arteko zubia eratzea du helburu. Irla horiek Japoniako artxipelagorik zabalena osatzen dute, eta Okinawa da bertako handiena. Irakasleak berriro ere eskainiko du ikastaroa udara bukatzen bertako unibertsitatean.