Musika Bulegoa Sariak 2024rako proposamenak bidaltzeko epea zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE), Musika Bulegoa Sarien 8. edizioa jarri du abian. Sarietan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko epea 2024ko otsailaren 2ra arte zabalik egongo da, zeinetan euskal musika eszenako eragileek haien proiektuak aurkeztu ditzaketen. Aurtengo sari banaketa maiatzaren 15ean izango da, Iruñeako Zentral aretoan.
Musika Bulegoak bultzatutako ekimen honen helburua Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea eta euskal musikarien eta euskal musikaren sektoreko eragileen jarduera aitortzea da.
Deialdian euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, nahiz eta sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan ere aurkez daitezkeen, betiere edozein euskal musikarik interpretatzen baditu, musika generoa edozein dela ere. Aurkeztutako lanak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean jendaurrean aurkeztutakoak izan behar dira.
Proposamenak bidaltzeko epea otsailaren bira arte egongo da zabalik, eta izen ematea webgune honetan egin daiteke. Oinarriak ere bertan kontsultatu daitezke.
Kultura arloko profesionalen epaimahai batek aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu eta 11 sarituetatik 8 aukeratuko ditu. Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazioa edo zabalkundea bezalako arloetan proiektu aipagarri bat garatzeagatik. Etxepare Euskal Institutuak nazioartean egindako zabalkundea sarituko du lehiaketan.
Aurtengo berrikuntza da Publikoaren Saria estreinatuko dela. Epaimahaiak egingo duen lehenengo hautaketatik aurrera, bozketa irekiko da, publikoak bere artista gogokoena aukera dezan.
Etxepare Euskal Institutuaren saria
Musika Bulegoa Sarietako babesle den Etxepare Euskal Institutuak euskal musika nazioartean zabaltzeko egindako lana aitortzen duen saria emango du. Sari hau emateko Etxepare Euskal Institutuak batzorde bat sortuko du kultura eta musika arloko adituekin. Aurreko edizioetan, Berri Txarrak, Kalakan, Niña Coyote eta Chico Tornado, Korrontzi, Trío Zukan eta Oreka TX izan dira Etxepare Euskal Institutuaren saria eraman duten taldeak.
Musika Bulegoak eta Etxepare Euskal Institutuak 2017an Musika Bulegoa Sarietarako ere indarrak batu zituzten, euskal musikaren hedapena helburu duten bi erakundeen arteko elkarlanean pausu bat haratago emanez. Etxepare Euskal Institutuaren sariaren helburua, Euskal Herriko musikaren kalitatea aitortzea eta horren zabalkundean eragitea da, bi erakundeen xedearekin bat eginez.