Musika Bulegoa Sariak 2017: hauek dira irabazleak
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herrian egin eta ekoiztutako musikaren kalitatea aitortzen dute Musika Bulegoa Sariek. Bigarren edizioa da aurtengoa eta jasotako 67 proposamenak aztertu ostean zazpi aukeratu ditu epaimahaiak.
Euskal Herrian egin eta ekoiztutako musikaren kalitatea aitortzen dute Musika Bulegoa Sariek. Bigarren edizioa da aurtengoa eta jasotako 67 proposamenak aztertu ostean zazpi aukeratu ditu epaimahaiak: Ramón Lazkano konpositorearen zuzeneko lan bat -Festival d’Automne à Paris-Portrait-, Zuhainpeko Soinuak ikuskizuna, Juan Ortiz jazz musikariaren Winter Tales lana, Elena Setiénen Dreaming of Earthly Things diska eta Ruper Ordorikaren Guria Ostatuan.
Etxepare Euskal Institutua Musika Saria berriz Berri Txarrak taldeak jasoko du. Lehen aldiz emango den sari honek azken hiru urtetan euskal musikaren nazioarteko zabalkundean nabarmendu den Euskal Herriko sortzaile, interprete -bakarlari zein taldeak- edo musikagile baten lana aitortzeko xedea du. Epaimahaiaren hitzetan Berri Txarrak “aitzindari izan dira eta nazioarteko rock-aren eremura eraman dute euskal musika, bazter guztietako entzuleak hunkitu dituzte. Kalitatezko musika, euskara hutsez eginda, unibertsala dela erakutsi digute”.
Halaber, Gasteizko Jazzargia elkartea ere sarituko dute “Jazz uhinak hirian barrena” proiektuagatik, jazzaren historia zabaldu eta hurbiltzea helburu duen ekimena.
Sariak Donostiako Musikeneren egoitzan banatuko dituzte hilaren 29an 19.00etatik aurrera. Zuzeneko emanaldiak ere izango dira sarituen eskutik eta, besteak beste, Elena Setién eta Ruper Ordorika igoko dira taula gainera.
Saritutako lanak ez dituzula ezagutzen? Hemen duzu aukera:
Festival d’Automne á Paris – Portrait- (Ramón Lazkano)
2016ko Festival d´Automne á Paris jaialdian estreinatu zen lan honek Maurice Ravel konpositorearen azken urteak hizpide dituen Jean Echenozen Ravel eleberria du oinarri.
Ikusi bideoa hemen.
Zuhainpeko Soinuak
Mireia Gabilondok zuzendutako ikuskizun honek Zuberoako musikaren ahozko transmisioa du ideia nagusi. Jean Mixel Bedaxagar eta Juan Mari Beltranek (beste hainbat musikarirekin batera oholtzan) melodia berriak sortu dituzte doinu tradizionaletatik abiatuta.
Ikusi bideoa hemen.
Winter Tales (Juan Ortiz)
Pasa den maiatzan Bilbon aurkeztu zen lan honek erritmo elektronikoak eta jazz-a nahasten ditu. Ortiz bera da bere banda: berak aukeratzen ditu momentuan erritmo, melodia, baxu eta soinuak.
Ikusi bideoa hemen.
Entzun diska osorik hemen.
Dreaming of Earthly Things (Elena Setién)
2017ko Donostiako Jazzaldian aurkeztu zuen diskoa. Pop sofistikatua eta jazz ukituak uztartzen ditu.
Ikusi bideoa hemen.
Entzun diska osorik hemen.
Guria Ostatuan (Ruper Ordorika)
2016ko azaroan kaleratu zuen poesia eta musika uztartzen dituen disko hau. Ruper Ordorikak atmosfera klasiko eta kontenporaneoak sortzen ditu, abestiei nortasun hilezkorra emanaz. Kontrabaxua, soul teklatua, Van Morrison bateria eta Joseba Sarrionandiaren, Eva Linazasororen eta Gary Snyderen letrak nahasten dira diskoan.
Ikusi bideoa hemen.
Entzun diska osorik hemen.
Berri Txarrak
1994an taldea sortu zenetik zortzi disko, bilduma lan bat eta dokumental bat argitaratu dituzte. Bi hamarkada hauetan taldea gauza izan da entzulego zabala ezustean harrapatu eta etengabe bide berriak irekitzeko. Mundu osoan zehar eskaini dituzte kontzertuak. Europa eta Hegoamerikan bira osoak burutu ditu Rise Against taldearekin batera, eta Deftones edo Sick Of It All taldeentzako atarikoak egin ditu. Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Asian barrena ere hainbat bira egin dituzte, eta musika jaialdi erraldoietan ere aritu dira (Hellfest -Frantzia-, Fuji Rock -Japonia-, South By Southwest -USA-, Canadian Music Fest -Kanada-, Wilwarin -Alemania-, Resurrection -Galiza-, Viña Rock, Sonorama Ribera -Espainia-, EHZ, Azkena Rock Festival, Bilbao BBK Live -EH-).
Entzun diskografia hemen.