MUNTREF: Ivan Gómez Gutiérrez
Euskara. Kultura. Mundura.
-
26Urr 202416Ots 2025Buenos Aires
‘La caja y el secreto’ (´Kaxa eta sekretua´)
‘La caja y el secreto’ EAS – EZE programaren baitan Ivan Gómez Gutiérrezek garatutako proiektua da, Helga Massetani Piemontek komisariatua.
Gordailua Gipuzkoako Ondare Bildumen zentroko instalazio eta edukietatik abiatuta, zaintzaren eta kontserbazioaren nozioen arteko harremanak aztertzen dituen ikus-entzunezko proposamena da.
Ikus-entzunezkoaren eta piezarekin batera doazen kontakizunen bidez, Iván Gómez Gutierrezek gogoeta antropologikoa egiten du tonu poetiko batekin, eta inguruarekin eta bertan bizi diren pertsonekin ditugun harremanak eta loturak zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu. Obrak kezka bat adierazten du denboran zehar iraun behar duenaren inguruan, eta, ondorioz, gure zaintza, arreta eta espazioa (fisikoa edo emozionala) merezi duenaren inguruan.
‘La caja y el secreto’ 2024ko urriaren 26tik 2025eko otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai MUNTREFen Arte Garaikideko Zentroan, Buenos Airesen.
Ivan Goméz Gutiérrez
Iván Gómez Gutierrezen praktikak pixkanaka kezka bat erakutsi du irudiak, objektuak, espazioak eta pertsonak erlazionatzen diren moduei buruz. Bere praktikan harremanaren gaia, “artekoa” eta honi erantzuteko moduak lantzen ditu diziplina ezberdinak hibridatuz. Artistak memoria, esperientzia, teknika edo iraunkortasuna bezalako ikuspegi tematikoetatik ikertzen du nozio hau, zinema, praktika artistikoa, kuradoretza edo idazketa bezalako baliabideetatik abiatuta.
EAS – EZE
EAS – EZE-k Donostiako eta Buenos Airesko aireportuen kodeei egiten die erreferentzia. Programa honek ikerketa, ekoizpen artistikoa eta artisten nazioarteko mugikortasuna sustatzen ditu.
Bitaminek -Ipar eta Hego Euskal Herriaren mugan dagoen arte-, kultura- eta gizarte-ikerketarako gunea– sustatua, EAS – EZE programak beka integral bat eskaintzen du, onuradunari Buenos Airesko MUNTREFen bere lana aurkezteko aukera ematen diona. Hautaketa Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten artistei zuzendutako ikerketa artistikoko proiektuetarako deialdi ireki baten bidez egiten da.
Programa honen baitan, aurten Ivan Gómez Gutierrezek bere egonaldi artistikoa burutuko du urriaren 23tik azaroaren 5era, Buenos Airesen, eta bere lana aurkeztuko du MUNTREFeko Arte Garaikideko Zentroan.
EAS - EZE urtero egiten da Etxepare Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila, Universidad Nacional Tres de Febrero unibertsitatearen museo sareko Arte Garaikideko Zentroa eta Eusko Jaurlaritzaren Mercosurreko Ordezkaritzaren laguntzari esker. Aurten Irungo Udaleko Kultura Sailaren laguntza ere jaso du.
Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.
Etxepare Euskal Institutua eta artista
Ivan Gómez Gutiérrez euskal arte garaikidea nazioartekotzeko EAS-EZE programaren 2024ko deialdian hautatua izan da. EAS-EZE Bitamine-ren programa bat da, eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du.