Munduko 28 hiritan egingo da KORRIKA euskararen alde
2019/04/03
Euskara. Kultura. Mundura.
- Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta Euskal Etxeetan egitarau bereziak antolatu dituzte.
- Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan eta Euskal Etxeetan egitarau bereziak antolatu dituzte
KORRIKAren 21. Edizioa apirilaren 4ean abiatuko da Garestik. Hurrengo 10 egunetan Euskal Herri osoko errepideak zeharkatuko ditu lekukoak Gasteizera iritsi arte. Baina, beste behin ere, KORRIKAren mezua mundu osora zabalduko da, mundu osoan barrena baitaude euskararen alde Klika egin duten euskaltzaleak.
Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin 28 hiritan egingo da (batzuetan burutu da dagoeneko) lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat. Europan, 15 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta 11 Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, Argentinan, AEBetan eta Txilen. Herrialde hauetan indar handia du euskal diasporak. Asian eta Ozeanian, berriz, Shanghain eta Sydneyn antolatu dituzte ekintzak bertako Euskal Etxeek.
Euren hirian KORRIKA antolatzeko ardura hartu duten taldeen jatorriak bi dira nagusiki: Euskal Etxeak eta unibertsitateak. Munduan zehar dauden Euskal Etxeek 16 KORRIKA antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, Euskal Etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere.
Etxepare Euskal Institutuaren unibertsitate sarearen baitan berriz sei KORRIKA antolatu dira. Eta beste sei kasutan bi eragile hauen eta bertako euskal komunitatearen arteko elkarlanaren emaitza dira antolatutako ekimenak.
Euskal Herrian ez bezala, herrialde batzuetan dagoeneko ospatu dira KORRIKAren inguruko festak, martxoan zehar ere izan baitira. Dena den, ia guztiak, apirilaren 4tik 14ra egingo diren egun bakarreko ekintzak dira. Jai hauetako bakoitzak egitarau propioa du, baina gehientsuenek lasterketa, manifestuaren irakurketa, euskal kulturaren adierazpen ezberdinak (musika, dantza, jolasak…) eta jan-edanak izango dituzte euskararen aldarriari euren babesa emateko.
Etxepare Euskal Institutuaren helburua euskara eta euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea da eta hauxe bera da KORRIKArekin duen elkarlanaren xedea: nazioartean euskararen inguruko mezua zabaldu eta indartzea.
Munduan zehar, Etxepare Euskal Institutuaren eremuan, antolatuko diren KORRIKAk eta euren inguruko informazioa atxikitako dossierrean aurki daiteke.
Hauetaz gain, badira beste talde batzuek munduan zehar antolatu dituzten KORRIKA gehiago ere, besteak beste, Amsterdamen, Lisboan, Banyolesen, Noumea-Kanakyn, Grazen, Alacanten eta Munichen.