Munduko 21 hiritako euskal etxe eta unibertsitatetan sustatu ditu euskararen aldeko Korrika-k Etxeparek
Euskara. Kultura. Mundura.
‘Hitzekin’ lelopean, nazioartera zabalduko da, beste behin, Korrika. Aurten ere, Etxepare Euskal Institutuak bat egingo du AEK-ren ekimenarekin, Euskal Herritik kanpo euskarari babesa eman eta adierazteko. Horrela, mundu osoko euskal etxeetako kide eta unibertsitate sareko lagunek askotariko jarduerak antolatu dituzte egunotarako. Orotara, 21 ekimen egingo dira Korrikaren harira nazioartean.
2022. urtean, martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo da 22. Korrika. 11 egunetan, 2.500 kilometro inguru burutuko dituzte Euskal Herri osoan barrena, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta.
Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin, 21 hiritan egingo da lasterketa erraldoiarekin lotura duen ekimenen bat. Europan, 12 hiritan (Alemanian, Erresuma Batuan, Polonian…) eta zazpi Hego eta Ipar Amerikan, nagusiki, AEBetan eta Mexikon. Asian eta Ozeanian, berriz, Tokio eta Sidney-n antolatu dituzte ekintzak bertako euskal etxe eta unibertsitateek.
Munduan zehar dauden euskal etxeek 14 Korrika antolatu dituzte. Etxepare Euskal Institutuak harreman estua du haiekin, euskal etxeetan euskara irakatsi dadin sustatzen baitu, bai Euskara Munduan programaren bidez, baita material didaktikoa bidaliz ere. Institutuaren unibertsitate sarearen baitan, berriz -euskara eta euskal kultura ikasketak sustatzen dira bertan- 12 Korrika antolatu dira.
Horrela, Etxepare Euskal Institutuak, azken edizioetan bezalaxe, Korrikarekin bat egingo du aurtengoan ere, euskararen aldeko mezua munduan zehar zabaltzeko. Nazioartean Korrikak sustatzeaz gain, bideo lehiaketa bat antolatu du euskal etxeetako eta unibertsitate sareko ikasleen artean, eta ‘Korrika Munduan’ gunea babestuko du Donostiako Zuloaga plazan, apirilaren 10ean, egitasmoaren azken egunean.
Jarduera guztien zerrenda kontsulta dezakezu hemen.