Montrealgo École de Danse Contemporainen dantza garaikideko sorkuntza-egonaldia egiteko deialdia
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettresek (CALQ), Gipuzkoako Dantzagunearekin batera, deialdia ireki dute Montrealen (Quebec) 2023ko udazkenean pieza koreografiko bat prestatzeko bi hilabeteko egonaldia egiteko.
Egonaldia Dantzaz Nazioarteko Sorkuntza Koreografikoko Zentroa, Tabakalera Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroa eta École de Danse Contemporaine de Montrealekin (EDCM) lankidetzan burutuko da. Egitasmo hau Quebec-Pays Basque programaren baitan egingo da, Quebec eta Euskadiko kultur eragile, sortzaile eta kultur industrietan hartu-emana sustatzea helburu duen egitasmoa.
Deialdi honen xedea koreografo bat hautatzea da, egoitza artistikoa 2023ko udazkenean Montrealen (Quebec) egin dezan. Koreografo hautatuak Montrealeko École de Danse Contemporaine zentroan egingo du lan, lanbide heziketako 15-20 ikasleekin. Pieza koreografikoa egonaldi artistikoaren amaieran estreinatuko da.
Etxepare Institutuak 4.000 euroko diru-laguntza emango dio hautatutako pertsonari, eta Quebeceko Arte eta Letren Kontseilua arduratuko da hautatutako pertsonaren egonaldiaz. EDCM eskolak bere gain hartuko ditu proiektuaren ekoizpen-gastuak, eta horrekin batera, EDCMk 4.500 kanadar dolar ordainduko dizkio pieza koreografikoaren egile-eskubideengatik hautatutako pertsonari.
Eskaerak 2023ko apirilaren 17ko 15:00ak baino lehen bidali beharko dira. Deialdiaren xehetasunak Dantzagunearen webgunean aurki daitezke, esteka honetan.
Saison Québec – Pays Basque
Joan-etorriko izaera duen Saison Québec – Pays Basque programaren helburua da euskal kultura eta sorkuntza garaikideari Quebecen leiho bat irekitzea, eta, era berean, Quebeceko sortzaileen lana Euskadin erakustea, hizkuntza, kultura eta artearen bidez bi herrialdeen arteko harremana estutzea. Ekimenak, kultura, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, diziplina anitzeko eskaintza zabala aurreikusten du. Proposamen honen bidez euskal kultura eta sorkuntzaren aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Quebeceko publikoak eta Quebeceko sorkuntzaz gozatzeko parada izango du euskal ikuslegoak. Halaber, kultur eragileen arteko lankidetza, eta artista, sortzaile eta kultur industrien hartu emana sustatuko da.