Mocker’s euskal taldeak bigarren postua lortu du Suns Europen

2019/12/02

Euskara. Kultura. Mundura.

Hizkuntza gutxituetan egindako musika saritzen duen Friuliko (Italiar Estatua) jaialdian, bozka bidez, bigarren postua eskuratu berri du rock talde durangarrak. Lehiaketa jaialdiaren azken egunean, azaroaren 30ean, egin zen, eta bertan Europa osotik joandako artistek hartu zuten parte.

Hizkuntza gutxituetan egindako musika saritzen duen Friuliko (Italiar Estatua) jaialdian, bozka bidez, bigarren postua eskuratu berri du rock talde durangarrak. Lehiaketa jaialdiaren azken egunean, azaroaren 30ean, egin zen, eta bertan Europa osotik joandako artistek hartu zuten parte.

Pozik behar du Mocker’s taldeak egunotan (Durango, 2010). Alpeetan kokatutako Friuli eskualdeko Udine herrian emanaldia eskaini zuten larunbatean, azaroak 30, Suns Festival jaialdiaren baitan; eta, publikoaren bozka bidez, bigarren postua eskuratu. Hard rock psikodelikoa eta rock alternatiboa jorratzen dute durangarrek, eta jada hiru disko dituzte kalean. Azken lanak, Oreka Ahula (2019ko iraila), kritika onak jaso ditu estatu mailako aldizkari garrantzitsuenetan. Suns Jestival jaialdian lan horren lehen aurrerapen abestia jo zuten, Érebo izenekoa, eta emanaldi horrek zilarra balio izan zien lehiaketan; disko honekin lortutako beste mugarri bat.

Friuleraz “soinuak” esan nahi du “suns” hitzak. Mediterraneoko Alpeen eremuko komunitate gutxituen arteko topaketa bezala hasi zen 2009. urtean, baina 2015. urteaz geroztik egiten da gaur egungo eran: Europa osoko hizkuntza gutxituetan eginiko arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako jaialdi gisa.

Bere helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere arte garaikidea sustatzeko. Hau da, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, honek ez ditu kultura horiek tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako gizarte moduan. Duela hiru urtetatik, euskal arteak ere izan du oihartzuna bertan. Aurten, Mocker’s taldea ez ezik, Eneritz Furyak artista irundarra ere izan da bertan, lehiaketatik kanpo. Magalí Sare artista kataluniarrak eraman du urrea aurtengo lehiaketan.

Hona hemen azken eguneko lehiaketa, streaming bidez osorik grabatua. Mocker’s taldearen emanaldia ikusi nahi izanez gero, 1h18’-tik aurrera aurki daiteke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu