Miren Agur Meabe Arequipako Hay Festival jaialdian izango da
Euskara. Kultura. Mundura.
Miren Agur Meabe euskal idazleak Arequipan egingo den Hay Festival jaialdian hartuko du parte. Jaialdia azaroaren 8tik 11ra bitarte egingo da Peruko hirian, eta Meabek 11n De qué hablamos cuando hablamos de literatura juvenil izeneko hitzaldia emango du.
Miren Agur Meabe euskal idazleak Arequipan egingo den Hay Festival jaialdian hartuko du parte. Jaialdia azaroaren 8tik 11ra bitarte egingo da Peruko hirian, eta Meabek 11nDe qué hablamos cuando hablamos de literatura juvenil izeneko hitzaldia emango du.
Hay Festival jaialdia Galeseko Hay-on-Wye herrian sortu zen 1988. urtean, eta hasiera batean, lagun artean literaturari eta arteari buruz eztabaidatzea zuen helburu. Gaur egun, Galesez gain, mundu-mailako hiri ezberdinetan ere burutzen da – tartean Cartagenan eta Medellinen (Kolonbia), Queretaron (Mexiko) edota Segovian –, eta bertara nazioarteko idazle eta pentsalariak joan ohi dira jendaurrean hitzaldi, mahai-inguru edota eztabaidetan parte hartzera. Peruko Arequipa hirian, Hay Festival jaialdia 2015. urteaz geroztik egiten da urtero.
Aurtengo Hay Festival Arequipa hainbat sailetan banatuta egongo da. Batetik Sail Nagusia dago, eta bertan Mario Vargas Llosa, Leila Guerriero edota Karolina Ramqvist bezalako idazleek hitzaldiak eman eta mahai inguruetan hartuko dute parte. Bestetik, Hay Joven izeneko sailak unibertsitateko ikasleei soilik zuzendutako emanaldiak eskainiko ditu. Hirugarren bat Hay Ideas izenekoa da, eta bertan eztabaida irekiagoak antolatuko dira, publikoaren parte-hartze handiagoa baimenduko dutenak. Azken bat aipatzearren, Hay Festivalito gunea izango litzateke, umeentzat eta familientzat zuzendutako tailer, ipuin-kontaketa eta hitzaldiak bilduko dituena. Bertan kokatuko da Miren Agur Meabe idazlearen hitzaldia, azaroaren 11n burutuko dena 16:00etatik 17:00etara, Centro Cultural Peruano Norteamericano eraikineko liburutegian.
Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar egiten diren hainbat Hay Festival jaialditan euskal idazleen parte hartzea sustatzen du. Hay Festival Cartagena edota Hay Festival Querétaro dira horietako batzuk, Arequipakoaz gain.