Mikel Gartziarena hautatu dute 2024ko Alan R. King katedrako ikerketa egonaldia egiteko
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak etaUniversity of Wales Trinity Saint David unibertsitateak izendatu dute Alan R. King katedrako hurrengo ikertzailea. Mikel Gartziarena San Policarpok egingo du 2024ko ikerketa egonaldia. Bertan, 6 astez, hezkuntzaren alorrean euskal soziolinguistikagaiari buruzko jarduera akademikoak eta ikerketakoak burutuko ditu, Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuetako Zentroan (CAWCS).
Gartziarenak "Euskal Herriko Hezkuntza Paradigma: oraingo, etorkizuneko eta unibertsitate irakasleen hizkuntza-jarrerak eta hizkuntzak irakasteko metodologia-ikuspegiak” ikerketa proiektua garatuko du Galesen.
Ikerketaren helburu nagusia da irakasleek eleaniztasunari eta irakaskuntza-metodologiei buruz dituzten usteak bereiztea eta ulertzea, eta eredu esanguratsuenak identifikatzea. Eleaniztasunari buruzko egungo teoriek hizkuntzen ikuspegi interkonektatuago baten alde egiten dute, hizkuntzen arteko muga leunak onartuz eta arreta euskarari eutsiz.
Hizkuntzen ikuspegi integratzailea da ikerketa honen oinarria, hizkuntzen ikuspegi tradizionaletik urrunduz eta ikuspegi komunikatibo eta eleaniztunekin bat eginez, eleaniztasunaren ezaugarriak hizkuntzak ikasteko aukera gisa hartzen baitira. Ikerketa proiektuaren inplikazio esanguratsu bat da irakaskuntza eleanitzeko praktiketako irakasleak esplizituki prestatzeko potentziala duela.
Gartziarenak bere ikerketa-ildoari buruzko eskolak eta hitzaldiak emango ditu University of Wales Trinity Saint Daviden, Alan R. King Katedraren egonaldiaren testuinguruan.
Etxepare Euskal Institutua eta Alan R. King katedra
2022an martxan jarritako katedra honen xedea da soziolinguistikaren, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren, literaturaren, kultura eta hizkuntzen esparruetako ikerketetan oinarritutako lankidetza pedagogiko bat ezartzea euskal eta galestar eremuen artean; ikerketa bateratua garatzea Gales eta Euskal Herriaren arteko kultur-arteko komunikazioaren alorrean; eta informazio zientifikoa eta alde bakoitzeko hizkuntza, kultura eta herrialde politiken ingurukoa elkarri ematea.