Mercat de Música Viva de Vic: deialdia irekita
Euskara. Kultura. Mundura.
Kataluniako Vic herrian urtero egiten den Mercat de Música Viva de Vic azokan parte hartu ahal izateko, proposamen artistikoak egiteko deialdia irekia dago martxoaren 29ra bitarte. Azoka honek musikaren industriako sektore guztietako profesionalak biltzen ditu; eta aurtengo edizioa irailaren 18tik 21era bitarte egingo da.

Aurten 31. urtea beteko duen azoka honek bi ildo nabarmen ditu kontzertuen programazioan: bata MV da, profesionalentzat zuzendutako showcaseak (helburu komertziala duten kontzertu motzak) antolatzen dituena, eta bestea Festival izenekoa, entzulegoan eta helburu ludikoago batean pentsatutako kontzertuak programatzen dituena. Kontzertuak herriko puntu ezberdinetan, aire librean zein estalitako lekuetan, egin ohi dira. Ekimenak, bestalde, MVLAB izeneko gune bat du, sektoreko profesionalen arteko harreman komertzialak bultzatzeko jarduerak antolatzen dituena: networking saioak, hitzaldiak edota formazio tailerrak.
Azokak edozein estiloko musika jorratzen duten taldeak onartzen ditu (musika klasikoa izan ezik). Proposamen artistiko guztiak jaso ostean, antolakuntzak 70 bat talde aukeratu eta bakoitza MV edota Festival programazioan sartuko duen erabakitzen du. Lehentasuna izan ohi dute urte berean argitaratutako lan bat duten taldeek, edota ibilbide sendoa duten proiektuek, beste hainbat baldintzaren artean. Interesa duen orok, esteka honetan aurki ditzake baldintzak eta izena emateko aukera.
Aurreko urteetan, Euskal Herritik hainbat artista edota talde joan dira Mercat de Música Viva de Vic azokan euren lanak aurkeztera: Oreka Tx, Kepa Junkera, Mursego, Ekiza edota Izaro dira horietako batzuk.