Liverpooleko Unibertsitatean Euskal Ikasketen ikerketa egiteko bekaren deialdia zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak Liverpooleko Unibertsitatearekin batera 2015ean sortutako Manuel Irujo Katedraren bitartez, Liverpooleko Unibertsitateak Manuel Irujo Scholarship in Basque Studies izeneko beka eskaintzen du 2019az geroztik. 2023ko deialdia irekia dago jada, ekainaren 30era arte.
Manuel Irujo Katedrak aztergai duen gai nagusia euskal erbestea da, honen gaineko ikerketak eta irakaskuntza sustatzea baita bere helburua. Liverpooeko Unibertsitateko Department of Cultures, Languages and Area Studies delakoan kokatzen da.
Beka, Liverpooleko Unibertsitateko ‘Modern Languages and Cultures Master of Research’ masterraren baitan, Euskal Ikasketak adarrean ikerketa egiteko bideratutako dirulaguntza da. Beka urtebeteko erresidentzia gastuetan laguntzeko baliatuko da (4.600€ inguru). Bekak lagunduko duen ikerketa masterra 2023ko irailean hasiko da.
Beka hau eskuratzeko, euskal hizkuntzari, ekoizpen kulturalari, historiari dota politikari buruzko ikerketa egiteko interesa duten ikasleen bila dabiltza; bereziki, Manuel Irujo politikariaren biografiarekin zerikusia duten memoria, erbeste, diaspora eta europar ikerketak biltzen dituzten proiektuak.
Deialdian parte hartzeko baldintzak eta informazio gehigarria, hemen.