Danele Sarriugarte idazleak egingo du literatura-sorkuntzarako egonaldia Coruñan

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-11-03

Etxepare Euskal Institutuak 1863 Literatur Egoitzarekin batera antolatutako literatura-sorkuntza egonaldia Danele Sarriugartek egingo du 2023ko azaroan Coruñan.

Etxepare Euskal Institutuak eta 1863 Literatur Egoitzak izendatutako Balorazio Batzordeak literatura-proiektuaren interesa, kalitatea eta bideragarritasuna, idazlearen ibilbidearen bikaintasuna eta motibazio-gutunaren egokitasuna neurtu dituzte aukeraketa egiteko.

Sarriugartek 1863 Literatur Egoitzan egingo duen hilabeteko egonaldian aukera izango du bere sorkuntza proiektua garatzeko. Egonaldiaren helburua euskarazko literatura-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea da, baldintza onetan eta aldi berean kultura-bizitza aberatsa duen Coruñako testuinguruan murgilduta.

Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar, 1989) idazlea eta itzultzailea da. Nagusiki euskaraz egiten ditu bere lanak. Bi eleberri - Erraiak (2014) eta Azala erre (2018) - eta hainbat kontakizun argitaratu ditu, eta Angela Davis, Eva Illouz eta Henry David Thoreauren lanak itzuli ditu, besteak beste. Hainbat euskal hedabiderekin kolaboratzen du, hala nola Berria, Argia eta Pikara Magazine. Donostian bizi da eta Euskal Herriko queer mugimendu transfeministan parte hartzen du.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu