Argitaratzen hasi dira iaz diruz lagundutako itzulpenak

2023/06/14

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal literaturak jarraitu du nazioartekotzeko lanetan 2022ean zehar. Eleberria, saiakera, komikia, poesia, haur, gazte eta helduentzako literatura… Askotariko lanak plazaratu zituzten euskal idazleek iaz. Liburu ugariren itzulpenean lagundu zuen Etxepare Euskal Institutuak. Izan ere, Institutuaren ardatzetako bat da, hain zuzen, euskal literaturaren itzulpengintza sustatzea. Argitaratzen hasi dira horietako batzuk. Aurten, lau argitalpen egin dira dagoeneko.

Denera, 17 libururen itzulpena lagundu zuen diruz Institutuak 2022ean, 34.237 euroko zuzkidurarekin. Gaztelaniara, katalanera, galegora, ingelesera, frantsesera, alemanera, armenierara, bulgarierara, serbierara eta eslovenierara itzuli dira euskal idazleen liburuak. Batzuk, hizkuntza batera baino gehiagora itzuli dira eta 2023an zehar argitaratuko dira.  

2022an zehar 2021ean diruz lagundutako 20 liburu argitaratu ziren. Itzulitako eta liburuen jatorrizko hizkuntza euskara izan zen 19 kasutan, eta batean, ingelesa.

Gaztelaniara itzuli ziren Miren Agur Meaberen ‘Itsasoaren atea’ eleberria (Edebe), Cira Cresporen ‘Baginen’ (Txalaparta) saiakera, Eider Rodriguezen ‘Santa Familia’ eleberria (Grafito), Uxue Alberdiren ‘Kontrako eztarritik’ saiakera (Reikiavik), eta Joxemari Iturralderen ‘Jamaikako neska’ eleberria (El desvelo).

Ingelesera itzuli ziren Ramon Olasagastiren ‘Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak’ komikia eta Koldo Izagirreren ‘Altzoko handia’ eleberria (Oihu hau musika).

Serbierara itzuli ziren Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’ eleberria eta ‘Poemak eta hibridoak’ (Treći Trg).

Katalanera, Joseba Sarrionandiaren ‘Ainhoari gutunak’ eleberria (Pol.len) eta Leire Bilbaoren ‘Hainbat poema/ Saliva’ poesia liburua (Edicions 96) itzuli ziren.

Horiez gain itzuli ziren aragoierara Bernardo Atxagaren ‘Obakakoak’ eleberria; (Xordika); danierara Atxagaren ‘Nevadako egunak’ eleberria (Aurora Boreal); grezierara Leire Bilbaoren ‘Poemak’ liburua (Vakxicon); arabierara Juan Kruz Igerabideen ‘Euskal Herrietako ipuinak’ liburua (Dar Alrafidein), armenierara Joseba Sarrionandiaren ‘Prisions and exiles’ poesia liburua (Vogi-Nairi Arts Center), alemanera Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’ liburua (Suhrkamp) , portugesera Eider Rodriguezen ‘Santa Familia’ eleberria (A Seita); eslovenierara Juan Kruz Igerabideren ‘Ur’ eleberria (Založba Malinc) eta bulgarierara Joseba Sarrionandiaren ‘Kolosala izango da’ eleberria (Plamar).

2023ko uzta

Argitara ematen hasi dira 2022ko ekitaldiko dirulaguntzerekin egindako itzulpenak.  Itzulitako obren artean dago, adibidez, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ eleberria, katalanera itzuli dena. Katalanezko itzulpena Pau Joan Hernandezek egin du, Periscopi argitaletxearekin elkarlanean. Euskaratik gaztelariara itzuli dira alde batetik, Teresa Irastortzaren ‘Mundua Betetzen zenuten’ poema liburua, egileak berak itzuli du Olifante argitaletxearen eskutik. Bestetik, Eider Rodriguezek gaztelariara itzuli du bere ‘Eraikuntzarako materiala’ liburua, Random House argitaletxearen eskutik. Eta azkenik, Dani Fanok Guillermo Gonzalezekin batera sortutako ‘Kortsarioen ostatua’ komikia, Grafito editorial argitaleltzearekin. Etxepare Euskal Institutuak diruz lagundutako gainontzeko itzulpenak 2023 urtean zehar argitaratzen joango dira.

Urtero eskaintzen ditu Etxepare Euskal Institutuak euskal autoreen lanak atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen dirulaguntzak. Lan ildo nagusienetakoa euskal itzulpengintza sustatzea izan du bere hastapenetatik Institutuak.

Etxepare Euskal Institutua eta euskal literatura itzulpengintza

Euskal literatura-sorkuntza nazioartean zabaltzen laguntzeko zubi dira itzulpenak. Alde batetik, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak ematen ditugu. Bestetik, Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren bidez itzulpengintzaren balioa aitortzen dugu. Ikusi diralguntza hauen eskuorria

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu