Latinoamerikako euskara irakasleak trebatzeko barnetegia Argentinan

2023/07/11

Euskara. Kultura. Mundura.

Hego Ameriketako irakaslegaiak trebatzeko formakuntza egingo da Bahía Blancanko (Argentina) Unión Vasca euskal etxean, uztailaren 15etik 22ra (biak barne), Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren baitan.  

Formakuntzan hainbat nazionalitateko 21 ikaslek parte hartuko dute: gehienak Argentinakoak izan arren, Uruguay eta  Chileko ikasleak ere badira. Gabriel Arce eta Anabel Jaureguiberry arituko dira irakasle, Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarinek sortutako material didaktikoarekin. Barnetegia FEVAko Gabriela Mendiak eta Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegik koordinatuko dute. 

21 ikaslez osatutako promozioa 2020an zerotik hasi zuten euskara ikasteko prozesua. Haien laugarren ikasturte honetan B2 maila hasi dute, eta hau mintzamena lantzeko egingo duten zazpigarren barnetegia izango da. 

Urte hauetako euskara ikasteko formakuntza online egin dute eta bertan, gramatika, idazmena eta irakurmena landu dituzte gehienbat. Barnetegietan biltzen dira mintzapraktika egiteko eta oraingoan, astebetez 52 eskola ordu egingo dituzte. Seihileko bakarra geratzen zaio taldeari FEVAk (Federación de Entidades Vasco Argentinas) irakaslegai izateko ezarritako formakuntza amaitzeko.  

Euskara Munduan programaren baitan dagoen formakuntza honen helburua ikasle latinoamerikarrak euskalduntzea da lehenik, ondoren euskara irakaslegaiak izateko trebatzeko. Kinku Zinkunegi programaren arduradunaren esanetan, oso garrantzitsua da munduko euskal etxeetan bertako euskara irakasleak trebatzea eta haiekin taldea sortzea, euskara eskolen egoera eta garapena egonkortzeari begira.  

Euskara Munduan programa mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzeko helburuarekin Etxepare Euskal Institutuak sortutako programa da. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin, Argentinan 35 daudelarik. Programaren baitan euskara sustatzeko egiten diren ekintzen artean dago hain zuzen Argentinako Barnetegia. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu