Kutsidazu Bidea, Ixabel musikalak Arriagatik zuzenean Euskal Etxe eta irakurletza sareetara online jauzia egingo du
2020/10/14
Euskara. Kultura. Mundura.
Kutsidazu bidea, Ixabel Joxean Sagastizabal idazlearen eleberri ospetsua musikal formatura moldatu da oraingoan. Proposamen berri honetan, Patxi Barcoren zuzendaritzapean, eleberria komedia musikal gisa taularatuko da estreinakoz, bihar 19:30etan Arriaga antzokian. Aldi berean saioa zuzenean igorriko da streaming bidez, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Euskal Etxe eta Irakurletza sareei zuzenduta.
Euskara hobetzeko eta landa inguruko bizitzari buruz ikasteko ahaleginean, Juan Martin protagonistak bizi dituen gorabeherak kontatzen ditu Kutsidazu bidea, Ixabel lanak. Musika eta antzerkia uztartuz, bi auziri egin beharko die aurre gazteak: batetik, hizkuntza arazoak ditu, eta, bestetik, landa-inguruneaz ezer gutxi daki. Horrez gain, Ixabel familiako alabak ordura arte ezezagunak zituen sentimenduak piztuko dizkio.
Kutsidazu bidea, Ixabel antzerki lanak Xanti Korkostegi, Maria Redondo, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Karlos Ngema, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano aktoreen izenak batu ditu. Dramaturgiaz Patxi Barco bera eta Aitziber Garmendia arduratu dira, eta zuzendaritza musikalaz, bestetik, Demode Quartet taldeko Joli Pascualena.
Egingo den estreinaldi hau, gainera, streaming bidez eskainiko da mundu osoan zehar, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sareari (unibertsitateetako euskara eta euskal kultura irakasleen nazioarteko sarea, alegia) eta Euskara Munduan programako Euskal Etxeetako ikasleei zuzenduta.
Keinu honekin, Institutuak opari bat egin nahi izan die munduko bazter ezberdinetako Unibertsitateetan dituen 35 irakurletzetako eta Euskara Munduan Programaren bitartez 80tik gora Euskal Etxetan kudeatzen dituen euskara eskoletako ikasleei. Esteka pribatuan eskainiko zaie euskara ikasle guzti horiei eta, ostera, nahieran edukiko dute obra ikusgai hamar egunez.