Kirmen Uribek ahotsa emango dio euskal literaturari Guadalajarako Liburu Azokan

2017/11/24

Euskara. Kultura. Mundura.

- Idazleak bere lan berriena aurkeztuko du, Elkarrekin esnatzeko ordua, eta programazioko zenbait jardueratan parte hartuko du.

- Etxepare Euskal Institutuak euskal idazleen presentzia bermatu du Guadalajaran zazpi urtez jarraian euskal literaturari erakusleihoak eskaintzeko lanari eutsiz.

- Idazleak bere lan berriena aurkeztuko du, Elkarrekin esnatzeko ordua, eta programazioko zenbait jardueratan parte hartuko du.

- Etxepare Euskal Institutuak euskal idazleen presentzia bermatu du Guadalajaran zazpi urtez jarraian euskal literaturari erakusleihoak eskaintzeko lanari eutsiz.

Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin azaroaren 26tik abenduaren 3ra ospatuko den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL). Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta lehen lerroko zenbait izenekin batera, Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) bertan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.

Bilbao-New York-Bilbao (2009) eleberriaren egileak jarraipena emango dio euskal idazleen presentziari Guadalajaran. Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira azken zazpi urteetan, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, FIL-era bertaratu diren egileak. Urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte stand batean eta aurtengoan, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere joango da azokara.

Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberria aurkeztuko du Guadalajaran, bere lan berriena, eta programa ofizialeko zenbait jardueratan parte hartuko du. Horrekin batera, euskal literaturari ahalik eta oihartzun handiena eskaintzeko helburuz Etxepare Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du .

Azaroaren 27an ‘Galas de El Placer de la Lectura’ ataleko mintzaldian parte hartuko du. Irakurzaletasuna sustatzea helburu duen programa honek idazle eta irakurleak elkartzen ditu irakurle bezala bizi duten esperientziaz, gustuko liburuez, irakurketa ohiturez edo filia eta fobia literarioez hitz egiteko. Uribek Concepción Company ikerlari mexikarra, Myriam Moscona poeta - berau ere mexikarra-, Bernardo Carvalho kazetari eta idazle brasildarra eta Álvaro Bisama idazle txiletarra izango ditu lagun.

Azaoaren 28an, ‘Los lectores presentan’ atalaren baitan, irakurle anonimo batek, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, Kirmen Uriberen hirugarren eleberria aurkeztuko du, Elkarrekin esnatzeko ordua. Segidan solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean.

Amaitzeko, azaroaren 29an, bigarren hezkuntzako eskola batera bisita egingo du bertako ikasleekin topaketa batean parte hartzeko.

Guadalajarako Liburu Azokatik Mexiko Hirira joko du egileak azaroaren 30ean. Hiriburuko Euskal Etxean euskal komunitatearekin elkartuko da eta segidan UNAM-en (Universidad Nacional Autónoma de México) izango da, bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako literatura solasaldian.

Iberoamerikako literatura jaialdi nagusia

Munduko literatura jaialdi garrantzitsuenetakoa da FIL eta Iberoamerikako liburugintza profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 31. edizio honetan 41 herrialdetako 700dik gora egile bertaratuko dira eta 620 nobedade inguru aurkeztuko dira.

Letra iberoamerikarretako izen esanguratsuez gain -Rosa Montero, Elena Poniatowska, Arturo Pérez-Reverte edo Héctor Abad Faciolice, besteak beste- beste literatura batzuetako egile asko hurbilduko dira Guadalajarara eta egungo panoramako ahots nabariak ere bertaratuko dira, Emmanuel Carrère idazle eta kazetari frantziarra - FIL Literatura Saria jasoko du- eta Paul Auster idazle eta gidoilari estatubatuarra, esaterako.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu