Janice Parker koreografo eskoziarra HQPC kolektiboarekin elkarlanean
Euskara. Kultura. Mundura.
Janice Parker Koreografo eskoziarra Euskal Herrira etorri da ekainaren 17 eta 21 bitartean, Scotland Goes Basque egitasmoan parte hartuko duen HQPC kolektiboarekin lan egiteko. HQPC antzerki-dantza kolektiboa, izen bera duen “Habrá Que Ponerse Cachas” antzezlanari ikuspuntu berri bat eman nahian ari da lanean Janice Parkerren laguntzarekin. Koreografoak esperientzia handia du hainbat dantza proiektuetan eta antzezlanaren oinarria hartuz testuinguru desberdin batean kokatzen saiatzen ari da.
Janice Parker Koreografo eskoziarra Euskal Herrira etorri da ekainaren 17 eta 21 bitartean, Scotland Goes Basque egitasmoan parte hartuko duen HQPC kolektiboarekin lan egiteko. HQPC antzerki-dantza kolektiboa, izen bera duen “Habrá Que Ponerse Cachas” antzezlanari ikuspuntu berri bat eman nahian ari da lanean Janice Parkerren laguntzarekin. Koreografoak esperientzia handia du hainbat dantza proiektuetan eta antzezlanaren oinarria hartuz testuinguru desberdin batean kokatzen saiatzen ari da.
Maylis Arrabit koreografo baionarrak zuzenduriko “Habrá Que Ponerse Cachas”, dantza eta antzerkia uztartzen dituen obra da. Eszenografiaren sinpletasuna eta gorputzaren mugimenduak dira bere ardatz nagusiak. Ebi Soria eta Xabier Madina dira bi aktore protagonistak eta beraien arteko mugimenduen bidez itxarongela batean gauzatzen den istorioa kontatzen dute. Bob Dylanen abesti bat da istorioaren inspirazio iturria eta abestia agertzen den pelikularen istorioa kontatzen da 30minututan.
Dantza inklusiboaren isla izan nahi du taldeak baina gurpildun aulkitik haratago, aktore bakoitzak bere espazioa edukitzea da proiektu hau inklusibo egiten duena, kideen iritziz. Maylis Arrabiten hitzetan, “inklusioa proiektu honetan ez dago gurpildun aulkietan. Baizik eta, batera egin dugun lan modu kolektiboan. Bakoitzak bere ideiak proposatu ditu, errespetuz eta besteari bere tokia utziz sormenarik ateak irekitzeko.” Xabier Madinaren helburua ez da inori ezer frogatzea, baizik eta, gustatzen zaion horretan lan egiteko aukera izatea eta gozatzea. Dantzaren arloan gorputz eta pertsona mota ezberdinak ikustearen beharra aldarrikatzen du Janice Parkerrek: “gorputz gazte eta altuak ikusteaz gainera, beharrezkoa da dantzaren arloan ezgaituak, helduak eta gorputz mota ezberdinak ikustea”.
Antzezlana Espainian, Grezian, Alemanian eta beste hainbat herrialdetan aurkeztu ondoren, abuztuan taldea Edinburgoko Fringe jaialdian izango da. Horretarako, aste honetan, Janice Parkerren laguntza dute obraren bertsio motz eta konkretuago bat sortzeko. Parker “oso pozik" dago prozesuarekin. "Dantzariak oso kontzentratuta eta emozioz beteta daude antzezlanari beste testuinguru eta bertsio desberdin bat ematearekin. Iada eginda dagoen emanaldi bat eraldatzen saiatzen ari gara, oinarrira itzuliz beste testuinguru batean jartzen saiatzen ari gara. Berriro ere, bizitza ematen ari gara obra honi”. Koreografoaren lana "bereziki interesgarria" da Maylis Arrabit sortzailearen iritziz, prozesutik kanpo egon den pertsona baten ikuspuntu berriak obra laburragoa eta konkretuagoa sortzea ahalbidetzen baitu. Aste honetan zehar taldea egiten ari den lana kolektiboa da. “Prozesu kolaboratibo bat da. Denok batera egin behar dugu lan", dio Parkerrek.
Edinburgoko Fringe jaialdian parte hartzea aukera bat da taldearentzako, baita erronka bat ere. Ebi Soria dantzariarentzat Edinburgo "erakuslehio bat da". eta jakinmin handia du "ondoren zer etorriko den" ikusteko. Maylis Arrabitek dio, ez doazela antzezlana saltzera, talde berriak ezagutu eta kolaborazioren bat sortzen bada aukera berriak aprobetxatzera baizik. Janice Parkerren iritziz hori da garrantzitsuena, beste taldeak ezagutzea, haiekin hartu-emana edukitzea eta truke kulturala sustatzea.
Proiektu hau, Etxepare Euskal Institutua garatzen ari den Scotland Goes Basque proiektuaren barruan kokatzen da. Urte osoan zehar hainbat ekimen kultural egin eta egingo dira euskal kultura Eskozian sustatu eta eskoziar kulturarekin hartu-emana bultzatzeko. Horien artean, HQPC kolektiboak Edinburgh Festival Fringe jaialdian hartuko du parte beste dantzari batzuekin batera. Hala nola, Tio Teronen Semeak, Krego-Martín Danza edota Akira Yoshida izango dira jaialdian.