Izaskun Larrietak egingo du Jon Bilbao Katedrako ikerketa egonaldia 2022an

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-04-21

Izaskun Larrieta izan da Jon Bilbao Katedrako ikerketa egonaldia egiteko hautatua, ‘Athletic Club as a Vector of Basque Internationalization’ lan proposamenagatik. Ikerketa honen helburua euskal nortasuna aztertzea izango da, Athletic Club elkartearen bidez, Estatu Batuetako diasporan. 2022ko abuztutik irailera egingo du ikerketa University of Nevada, Renon (UNR), AEBetan.

Ikerketaren xedea izango da Athletic Club elkarteak diasporan barneratzeko tresna gisa duen zeregina aztertzea. Zehatzago esanda, Atletic Club marka erregistratuak euskal identitatearen testuinguruan duen presentzia, irudia eta balioa aztertzea.

Futbolak identitateak egiten nola laguntzen duen aztertuko du Larrietak. Kirola eta identitatea, nortasuna, uztartuko ditu. Futbola nazioarteko ikuskizuna edo gertaera den heinean ezaguna da, eta beraz, nazioartekotze lanabes legez nola erabili daitekeen ikertuko du. Nortasun nazionalen garapenari eta esanahiari buruzko azterketa egin nahi du.

1967ko apirilaren 12an, Athletic Clubek lehen partida jokatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan (AEB). 2015ean, Boiseko Jaialdiak Bilboko taldea gonbidatu zuen beste partida bat bertan jokatzera. Hari horri tiraka, ikertu nahi du nola taldearen AEBetarako bidaiek ez duten beti izan kirol helburu zehatza, baizik eta identitateari loturikoa.

Egonaldiaren lehen fasean ikerketa kualitatiboak egingo ditu behaketan eta elkarrizketa sakonetan oinarrituz. Bigarren fasean ikerketa bibliografikoa eta dokumentala egingo ditu.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu