Irene Larraza: "euskal sortzaileak mundu osoko puntako sortzaileekin buruz-buru aritu daitezke"
Euskara. Kultura. Mundura.
Neguan musika izan zen protagonista, udaberrian zinea eta udan euskal arte eszenikoak eta literatura izan dira Eskozian nagusi: abuztuaren 7tik 18ra bitartean, Edinburgon ospatzen ari diren Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen jaialdia eta Edinburgh International Book Festival delakoa euskal sorkuntzaren zabalkuntzarako plataforma bilakatu dira #ScotlandGoesBasque programaren eskutik.
Neguan musika izan zen protagonista, udaberrian zinea eta udan euskal arte eszenikoak eta literatura izan dira Eskozian nagusi: abuztuaren 7tik 18ra bitartean, Edinburgon ospatzen ari diren Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen jaialdia eta Edinburgh International Book Festival delakoa euskal sorkuntzaren zabalkuntzarako plataforma bilakatu dira #ScotlandGoesBasque programaren eskutik. Etxepare Euskal Institutuak urte osoan zehar garatzen ari den ekimen horren mugarri garrantzitsuenetako bat izan da joan den egunetakoa. Oso egun biziak izan dira, jarduera asko izan dira oso denbora gutxian, eta Eskoziara bidaia egin duten 48 sortzaileentzat abagunea izan da euren lana han bildutako nazioarteko publiko anitzari erakutsi, mundu mailan euren alorretan zer egiten ari den ezagutu eta profesional ugarirekin hartu-emanak areagotzeko, euren lanari oihartzun zabalagoa eman aldera.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Irene Larrazaren hitzetan, “lehen aldia da diziplina ezberdinetan, toki berean eta batera, horrelako programa bat sustatzen dugula. Aste oso oparoa izan da, eta oso pozik gaude emaitzarekin”. Bestalde, euskal sortzaileek Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan aurkeztutakoaren inguruan, zera gaineratu du: “Edinburgoko esperientziak erakutsi digu euskal sortzaileak mundu osoko puntako sortzaileekin buruz-buru aritu daitezkeela eta hemen egiten den kultura munduko beste edozein txokotan egin daitekeenaren adinakoa dela, eta horretaz harro egon gaitezke”.
Edinburgora heldu ziren lehen euskal ordezkariak izan ziren Fringe arte eszenikoen jaialdian jardun zutenak: abuztuaren 7tik 10era bitartean, Royal Mile Mercat Stage eszenatokian, kaleko ikuskizunen jaialdiaren bihotzean jardun ziren Tio Teronen Semeak FreshCool aurkezteko. 8tik 11ra, berriz, Krego-Martin Danza konpainiak, Akira Yoshidak eta Proyecto Colectivo HQPC-k Basque Showcase, euren lanen lagina aurkeztu zuten Dance Base, Eskoziako Dantza Zentro Nazionalean; eta 9ko Basque Showcase emanaldiaren ostean Atlantik 1050 ikuskizunaren erabateko estreinaldia izan zen eszenatoki berean; euskal eta eskoziar dantzariek egina, euskal nahiz eskoziar dantza tradizionalak uztartzen ditu ikuskizun horrek. Bestalde, hilaren 25era arte ikusgai dago 2Theatre bilbotar taldearen Interbeing: Stories From a Current War.
Literaturari dagokionez, hilaren 10etik atzo arte luzatu da euskal idazleen presentzia Edinburgh International Book Festival jaialdian. Jaialdiko hainbat ziklotan jardun dute euskal idazleek, eta lagun izan dituzten musikariek, euskal literatura eta, bidez batez, euskal kultura, ezagutzera emateko aukera izan dute. Halaber, bertaratutako publiko zein nazioarteko idazleekin euren lanen eta literaturaren inguruan hausnartzeko parada izan dute. Euskal idazleen hainbat ekitaldirako sarrerak aurrez agortu ziren, emanaldi horiek publikoarengan sortutako jakin-minaren erakusgarri. Iban Zalduak James Robertson eskoziarrarekin batera Txekhov vs. Shakespeare proiektuaren baitan egindako gutun-bilduma jasotzen duen liburua aurkeztu zuen; poesia eta testu literarioen errezitaldia Arabar Errioxako ardoa dastatzearekin uztartu zuten Harkaitz Canok eta Danele Sarrigurtek, Tio Teronen Semeak taldeko musikariak lankide zituztela; Scotland Goes Bertsolaritza! ikuskizuna aparta gertatu zen bertsolaritza zer den azaltzeko: Uxue Alberdik bertsotarako lankide bihurtu zituen ikus-entzuleak, Danele Sarriugarteren laguntzaz, eta buruz burukorako betarik ere izan zen Uxueren beraren eta Antton Fernandezen artean; eta Uxuek berak Ciara MacLaverty eta Rachel Newton eskoziarrekin ondutako Throwing Voices hunkigarria aurkeztu zuen. Bestalde, nazioarteko idazleekin izandako solasaldietan euren lanaz mintzatzeko aukera izan dute idazleek: Harkaitz Cano Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin aritu zen, Miren Agur Meabe Zinzi Clemmons estatubatuarrarekin, Bernardo Atxaga Margaret Jull Costa itzultzailearekin. Eta, amaitzeko, atzo Eider Rodriguezek, bere liburuetako pasarte batzuk irakurri eta itzulpengintzaren inguruko maisu eskola eman zuen Margaret Jull Costarekin batera.
Edinburgoko jaialdien osten, #ScotlandGoesBasque programaren baitako hurrengo jarduerek eskoziar unibertsitatea izango dute jomuga: batetik, Edinburgoko Unibertsitatean “Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean” mintegia izango da, urriaren 16an eta 17an; eta, bestetik, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren Europa Transit egitasmoko dokumentalak izango dira ikusgai Edinburgoko eta Glasgowko Unibertsitateetan, urriaren 17tik 19ra.