Irekita dago Suns Europe jaialdian parte hartzeko deialdia
Euskara. Kultura. Mundura.
Uztailaren 17tik abuztuaren 22ra Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian eta Frioli eskualdeko beste zenbait tokitan. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da. Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du. Izen-emateko epea ekainaren 6an bukatuko da. Informazioa kontsultatueta izen-ematea egiteko, klikatu hemen.
Suns Europe 2009an hasi zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera gaur egungo eran egiten da: Europa osoko hizkuntza gutxituetan eginiko arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako jaialdi gisa.
Jaialdiaren helburua da hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea, batez ere arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.