Ireki da Kimuak programaren 2019ko deialdia

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-02-28

Kimuak programaren 2019ko ediziora aurkezteko epea gaurtik, martxoaren 1etik, maiatzaren 24ra bitartean zabalik egongo da.

Kimuak programaren 2019ko ediziora aurkezteko epea gaurtik, martxoaren 1etik, maiatzaren 24ra bitartean zabalik egongo da.

Programaren funtsa azken urteko euskal film labur onenekin katalogo bat osatzea da, edozein generotakoak, ondoren, guzti hauek nazioarteko jaialdi eta topaketa profesionaletan aurkezteko. Kimuak ekimena aukera bikaina da euskal ekoizleentzat euren ibilbidean aurrera egiteko, eta horren erakusle da egun euskal zinemagintzaren ordezkari nagusiak diren zinemagileak iraganean programa honen parte izan izana: Jose Mari Goenaga, Telmo Esnal, Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Koldo Almandoz, Maddi Barber, Maria Elorza…

Irizpide zehatzak bete behar dituzte hautagaitza aurkeztu nahi duten film laburrek: 30 minututik beherako iraupena, zuzendariak edota ekoizle nagusiak EAEn egoitza izatea eta lehendik estreinatuak edo hedatuak izan ez diren filmak aurkeztea. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina film-labur aurkeztu ditzake, 2018ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira bederen. Epaimahaiak hautaketarako erabiliko duen irizpide nagusia lanaren kalitatea izango da, baita ahalik eta ikuslego zabalenera iristeko duen gaitasuna ere, beste irizpide batzuen artean.

1998. urteaz geroztik antolatzen da Kimuak ekimena, euskal film laburren sustapena bultzatzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bidez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, 21 urte daramatza dagoeneko proiektu honekin lanean. 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira urte hauetan zehar, eta 2018an katalogoaren parte izateko hautatuak izan zirenekin, 137 dira guztira Kimuak osatu duten lanak.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com webgunean daude eskuragarri.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu