«Irakurlearen askatasuna erabatekoa da, nola lan egin erabakitzeko aukera ematen dizu lanak»

2022/06/24

Euskara. Kultura. Mundura.

‘Egon eta egin, sustraiak sendotuz aurrera begira’ izenburupean, uztailaren 11 eta 12an egingo da aurtengo Bikaintasuna Euskal Ikasketetan uda ikastaroa, Donostiako Miramar jauregian. Hizlarietako bat izango da Araitz Claramunt, euskara eta euskal kulturako irakurlea da 2019az geroztik Helsinkiko Unibertsitatean. Ikastaroan, euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan orain arte egin denaz hausnartu zein erronka berriei aurre nola egin pentsatzeko tartea hartuko dute parte hartzaileek. Izen-ematea zabalik dago.

-Hiru ikasturte egin dituzu Helsinkin lanean. Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?

-Urtero desberdina izaten da. Uste dut, gainera, bide luzea ibili dugula. Lehenengo urtean, bi euskara klase izan nuen. Bigarrenean, euskarako hirugarren bat, euskal kulturakoa eta mintzapraktiketara bideratutako beste bat ere sortu nituen. Hirugarren urtean, laugarren euskara klasea eta euskal soziolinguistikakoa sortu ditugu, nahiz eta azken hori lankide batek ematen duen eta ez nik.

-Irakurleak zenbaterainoko askatasuna du bere lana burutzeko orduan?

-Ni saiatu nintzen ikasgaiak ugaritzen eta horietan sakontzen hala nahi izan nuelako, eta erantzuna ona izan da, bistakoa denez. Irakurlearen askatasuna erabatekoa da, zer eta nola landu erabakitzeko aukera ematen du irakurlearen lanak. Nik, adibidez, hasiera-hasieratik egiten diet euskara hutsean ikasleei.

-Euskara irakasteko modu horren inguruan hitz egingo duzu uda ikastaroko zure saioan, ezta?

-Bai. Atzerrian euskara ikasi ahal izateko giro euskalduna sortzeari beharrezkoa deritzot. Izan ere, uste dut hizkuntza bat ikasten ari bagara hizkuntza hori erabiltzen ez den toki batean, beharrezkoa dela espazio bat, pertsona bat lotu ahal izatea, kasu honetan, euskararekin. Identifikazioan laguntzen du, eta euskararekin lotzen naute ni eta gure ikasgela berehala. Musikaren bidez ere lantzen dugu euskararekiko daukaten harremana.

-Zein da Helsinkiko euskara ikaslearen profila?

-Filologietatik heltzen dira ikasle gehien. Guztiz desberdina den hizkuntza ikasi nahi dutenak izan ohi dira. Linguistika ikasleak ere izaten dira maiz, eta noizbehinka, fisikako eta matematikakoak ere etortzen dira. Ikaslearen profila anitza bada ere, badago askoren artean errepikatzen den zerbait: ezagun, lagun edo maitale euskaldunen bat daukate. Hizkuntzarekiko gertutasun hori dela garrantzitsuena esango nuke.

-Euskara nola irakasten diezun erakutsiko duzu?

-Spoiler handiegirik egin gabe, aurreratu dezaket ikastarora bertaratzen direnak nire ikasleen tokian jarriko ditudala. Erakutsi nahi dut euskara hitsean eginagatik ere, klasea jarraitzeko gai direla ikasleak. Funtzionatzen duen metodo dela, finean. Bada teoria gramatikal hutsa jasotzetik ikastea gustatzen zaionik, baina egiteko modu honek emaitza onak eman dizkit azken urteotan. Jendeak ikaslearen perspektiba uler dezan lagunduko duen dinamika bat prestatu dut.

-Euskararen edo euskal kulturaren ezaugarri gustukoenik izaten dute? Zerk harritzen ditu gehien?

-Askok ez dute Euskal Herria aldez aurretik ezagutzen, eta ondorioz, gure kultura berria da haientzat. Politika, folklorea edo hizkuntza gustatzen zaizkie. Musika, euskal dantzak eta herri kirolak pizten die interes berezia, esango nuke. Beste batzuek, ezagun edo bikote euskaldunak dauzkatenek, edo inoiz Euskal Herrian izan direnek,  gastronomiaren eta gizartearen ezagutza hobea dute eta hori ere gustuko dute.

-Datorren ikasturteari begira, zein da zure aurreikuspena? Berritasunik prestatu duzu ikasleentzat?

-Orain arte ikusi ahal izan dut eragin positiboa izan duela nik haiekin euskaraz egiteak, eta ildo horretatik jarraituz, pauso bat gehiago ematera noa datorren ikasturtean. Niri euskaraz egiten didate berehala, baina haien artean euskaraz aritzea kosta egiten zaie. Horregatik, erabaki dut datorren ikasturtean fokua jartzea beraien arteko solasaldietan ere euskara sustatzeko ahaleginetan. Jolas moduko dinamiken bidez egitea da asmoa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu