Ipar Amerikako euskara irakasleen topaketa egin dute Boisen
Euskara. Kultura. Mundura.
Martxoaren 18an eta 19an, larunbatean eta igandean, Ipar Amerikako euskara irakasleen topaketa egin dute Boiseko Basque Centerren eta Basque Museumen. Topaketa hau Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk (North American Basque Organizations) antolatu dute elkarlanean. Topaketa Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Mundua programaren barruan kokatutako egitasmoa da. Bertan egon zen Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programaren koordinatzailea.
Etxepare Euskal Institutuak 2018tik kudeatzen du Euskara Munduan programa. Programaren helburuak munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz laguntzea, irakasleen trebakuntza sustatzea, euskal etxeak euskara eskolak bideratzeko materialez hornitzea eta nazioartean euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzea dira.
Ikastaroko irakasle izan dira Ziortza Beldarrain, NABOren arduraduna; Edurne Arostegi, Boiseko Euskal Museoko langilea eta NABOren euskara koordinatzailea; Nere Lete, Boiseko Unibertsitateko euskara irakaslea; eta Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programaren koordinatzailea.
“Oso pozgarria da topaketa hau egitea, azken urteetan beherakada nabaria izan da ikasle kopuruari dagokionez, eta halako topaketa egiteko aukera izatea seinale ona da. NABOrentzat ere pozgarria da topaketa hau egin izana, arduradun eta kudeatzaile berriak ditu antolakuntzak eta pixkanaka aurrera ari dira”, adierazi du Kinku Zinkunegik.
Irakasleek ostiralean eman zioten hasiera topaketari, Boise Basque Centerren. Jardun horretan lanean ari diren irakasleek trebakuntza ikastaroa egin dute asteburu osoan zehar. Bertan 10 irakaslek parte hartu zuten; Washington, California eta Boisekoak. Ikastaroan irakaskuntzarako oinarrizko irizpide metodologikoen inguruan aritzeaz gain, Euskara Munduan programaren oinarrizko materialak jaso zituzten.
Bakoitzaren eguneroko jardunetik abiatuta, elkarren esperientziak trukatu zituzten, euskara irakasteko eskura dituzten baliabideen berri jaso zuten eta, batez ere, Euskara Munduan Oinarrizko moduluak, bereziki euskal etxeetan erabiltzeko ikas-materialak, aurkeztu eta eskura jarri zizkieten ikastaroaren arduradunek.
Ipar Amerikako euskara irakasleen profila euskara ikasi duten eta modu ez profesionalean aritzen diren pertsonek osatzen dute. Irakaskuntza ez den beste lanbide bat dute, eta horrez gain, euskara klaseak ematen dituzte Estatu Batuetan. Zinkunegik haien lana “txalotzen” du, ohiko euskaltegiek baino talde konplikatuagoekin lan egiten dutelako. Helburu desberdinak dituzten ikasleak, adin tarte ezberdinetakoak, eta erritmo diferentean ikasten duen jendea elkartzen da talde hauetan eta horrek eskolen funtzionamendua eta aurrerapena zailtzen du.
Euskara irakasle ipar amerikarrez gain, badira ere Euskal Herritik Estatu Batuetara doazen euskara irakasleak. Programako arduradunak adierazi duenez, irakasle euskaldun hauek laguntza handia ematen diete bertako irakasleei, baina haien egonaldia bukatu ostean, Euskal Herrira itzultzen dira eta bertakoak “berriro abiapuntura itzultzen dira”.
Euskara Munduan programako arduradunak nabarmendu du aurtengo Ipar Amerikako euskara iraskasleen topaketa egin izana, “inflexio puntua” izan dela. Estatu Batuetan hamar euskara irakasle batu izana “arrakastasu” bezela defiintu du. Bertaratu diren irakasleak “gogotsu” geratu dira datorren urterarako : “Hurrengo urtera begirako erronka nagusia, Hego Amerikan egiten den bezala, Ipar Amerikan bertan bertarako irakasle profila sortzea da, taldea sendotzea eta egonkortzea”, zehaztu du Zinkunegik.