Imanol Otaegi izango da Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari berria
2018/05/03
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak Imanol Otaegi Mitxelena aukeratu du Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari, 100dik gora pertsonak parte hartu duten hautaketa prozesuaren ostean. Postu hau bete gabe zegoen 2018ko urtarrilean Irene Larrazak – ordura arte Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria– Institutuaren gidaritza hartu zuenetik, eta izendapen honekin zuzendaritza taldea osatuta geratuko da berriz ere.
Etxepare Euskal Institutuak Imanol Otaegi Mitxelena aukeratu du Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari, 100dik gora pertsonak parte hartu duten hautaketa prozesuaren ostean. Postu hau bete gabe zegoen 2018ko urtarrilean Irene Larrazak – ordura arte Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria– Institutuaren gidaritza hartu zuenetik, eta izendapen honekin zuzendaritza taldea osatuta geratuko da berriz ere.
Imanol Otaegi (Errenteria, 1979) Turismoan diplomatua eta Ikus-entzunezkoetan lizentziatua da, eta 15 urte baino gehiago daramatza kultur alorrean lanean. Nazioarteko eskala duten proiekzio handiko kultur proiektuetan eskarmentua du, eta esperientzia zabala diziplina anitzetako kultur proiektuen ekoizpenean.
Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioan aritu zen hiru urtez, Enbaxada Ibiltarien arduradun bezala, hau da, kultur hiriburutzak atzerrian gauzatu zituen kultur proiektuen sortzaile eta koordinatzaile gisa. Denbora horretan Europa Transit, Tosta edo Biziz bezalako nazioarteko proiektuak garatu zituen. Donostiako Zinemaldian ere lan egindakoa da, Zabaltegi-Tabakalera sailaren eta Nazioarteko Zine Ikasleen Topaketaren ekoizpen koordinatzaile moduan.
Urte luzez ikus-entzunezkoen alorrean egin du lan Otaegik. Bederatzi urtez aritu zen Pausoka ekoizpen etxean ETBrentzat egindako hainbat telesail eta entretenimendu saioren produktore bezala, eta sektoreko nazioarteko azoka eta merkatuak ondo ezagutzen ditu ordutik.
Lehenago Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko ekoizpenak nazioartean zabaltzeko martxan jarritako Niniak programaren kudeatzailea izan zen munduko hainbat azokatan, eta Vaiven Producciones antzerki eta musika ikuskizunen ekoizpen etxean ere aritu zen lanean. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zerbitzuaren G-Komunika komunikazio marka multiplataforma sortu zuen.
Bere ibilbidean zehar lantalde artistiko eta tekniko handiak kudeatzeko ardura izan du Otaegik, bai telebista platoetan, bai antzokietan, eta ekoizpen etxe eta eszena zuzendari adierazgarriekin egin du lan (Fernando Bernués, Etelvino Vázquez, Iñaki Salvador, Ana Pimenta, Garbi Losada edo Olatz Beobide, esaterako). Halaber, Estatuko zein nazioarteko antzerki jaialdietan egin du lan ekoizpen arduradun moduan.
Azken urtean SOS Arrazakeria Gipuzkoa GKEko Komunikazio arduraduna izateaz gain hainbat kultur egitasmoren ekoizpenean egin du lan, hala nola maiatzean burutuko den Pasaiako Itsas Festibala. 2013tik Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioko kolaboratzailea ere bada. Hizkuntzei dagokienez, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa hitz egiten ditu.
Campo&Ochandiano giza baliabide enpresak egindako hautaketa prozesuaren ondoren, Zuzendaritza Batzordeak baieztatu zuen Otaegiren kontratazioa apirilaren 25ean eginiko bileran. Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendari bezala Otaegiren erronkak izango dira kultur eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntza nazioarte mailan ezagutzera emateko, arteak hedatzeko ekintza estrategikoak garatzea eta euskal sorkuntza artistikoa nazioartean sustatzea, besteak beste.