Imanol Larreak egingo du Alan R King katedrako lehen ikerketa egonaldia
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitateak hautatu dute Alan R. King katedrako lehen ikertzailea. Imanol Larrea Mendizabalek egindo du ikerketa egonaldia. Euskal soziolinguistikaren inguruan berri emateko hitzaldiak ere emango ditu, bertako egoera ezagutzeko aukera izateaz gain. 2022-2023 ikasturtean egingo du ikerketa egonaldia Galesen.
Garatuko duen ikerketaren izenburua hurrengoa izango da: ‘Hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa Euskal Herrian: hainbat esperientzia / Euskal Herria eta Gales: hizkuntza ohiturak aldatzeko ikerketa soziolinguistikoa elkarrekin eraikiz’.
Sei asteko egonaldia egingo du Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan), eta euskal soziolinguistika gaiari buruzko jarduera akademikoak eta ikerketakoak burutuko ditu.
2022an martxan jarritako katedra honek euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea ere. Horregatik, bere ikerketaren berri emateko hitzaldia egingo du, partaide galestarrei ere gonbita egiteko “loturak egin ditzagun bi herrietako soziolinguistikarien artean, informazioa trukatzeko eta elkarrekin ikerketan jarduteko, kontuan hartuta bi hiztun komunitateek dituzten antzekotasunak”.
Imanol Larrea Mendizabal Soziolinguistika Klusterreko Bulego Teknikoaren zuzendaria da. Soziolinguistika Klusterraren helburuak, estrategiak eta proiektuak kudeatu eta garatzen egiten du lan. Soziologian lizentziatua eta Komunikazioan doktorea, landu ditu, besteak beste, immigrazioa, hizkuntza jarrerak, Kataluniako soziolinguistika, arlo sozioekonomikoan euskara sustatzea eta I+G+Bren (Ikerketa, garapena eta berrikuntza) kudeaketa.
Euskal soziolinguistikan hizkuntza ohiturak aldatzeko Soziolinguistika Klusterretik egin den ikerketa panorama orokorra ere aurkeztuko du, testuingurua ulertzeko osagaiak emanez partaideei eta oinarrizko emaitzak modu koherentean eta elkarrekiko loturak eginda.