Hizkuntza gutxituen itzulpenaren erronka aztergai
2025/04/14
Euskara. Kultura. Mundura.
Hizkuntza gutxituen itzulpenaren erronka aztergai duen tailer bat antolatuko du Bilboko Arriaga Antzokiak apirilaren 26tik 30era. DoSEL proiektuaren barne dauden bi antzokik hartuko dute parte Etxepare Euskal Institutuak laguntzen duen tailer honetan: Arriaga Antzokia eta Teatri Kombëtar i Kosovës (Kosovoko Antzoki Nazionala).
Tailer honen helburua hizkuntza gutxituetan idatzitako bi antzerki-lanen itzulpena bukatzea da. Eneko Sagardoy aktoreak euskaraz idatzitako ‘Moto-Membra Jesu Nostri’ lanaren albanierara itzulpena eta Jeton Nezirajen Albanieraz idatzitako ‘Aventurat e familjes Bosh në Unmkistán’, berriz, euskarara.
Itzulpengintzaren erronkak
Tailer honen helburua hizkuntza gutxituen itzulpengintzan aurkitzen diren erronkei buruz hausnartzea da. Horren eredu bezala aurkeztuko dira itzulpen prozesuan dauden bi lanak, euskaratik albanierara eta albanieratik euskarara itzulpen prozesuak emateko hiru itzultzaileren laguntza behar izan baitute. Hizkuntza gutxituen erronka nagusia bi hizkuntzak ezagutzen dituen itzultzaile bat aurkitzea da, eta hortaz, lehenengo hizkuntza global batera itzultzeko beharra dago.
Eneko Sagardoyren ‘Moto-Membra jesu nostri’-ren kasuan, Eneko berak itzuli zuen gaztelaniara eta Bashkim Shehu idazle eta itzultzaileak egin du albanierara itzulpena.
Nezirajen ‘Aventurat e familjes Bosh në Unmkistán’ lanean, berriz, bi itzultzaileren beharra egon da: María Roces Gonzálezek gaztelaniara itzuli du, eta Izaskun García Quintanak euskarara.
Mahai-ingurua
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari den Irene Larrazak zuzenduko du apirilaren 29an egingo den ‘Itzulpen dramatikoaren erronkak eta ikuspegiak’ mahaingurua. Bertan parte hartuko dute bi lanen idazleak, itzulpenean aritu diren hiru itzultzaileak, bere lanak hainbat hizkuntzatara itzulita ikusi dituen Kirmen Uribek eta Jure Novak, Dosel proiektuaren bultzatzaileetako bat izan zen zuzendari eta antzerkigile esloveniarrak.
Tailerrari amaiera emateko apirilaren 30ean parte hartzaileek ‘Mari-Eli’, Teatro Arriaga Antzokiaren ekoizpen propioa, ikusi ahalko dute.
DoSEL proiektua
Drama of Smaller European Languages (Europako hizkuntza txikiagoen drama) Europako kultur espazioko kultura eta hizkuntza aniztasuna zaintzen laguntzen duen lankidetza-proiektu bat da, zehazki, dramaren eta antzerkiaren sektorean, Europako hizkuntza txikiagotan idatzitako Europako antzerkigintzaren sorkuntza, itzulpen eta antzezpen transnazionalaren baldintzak hobetuz.