Hiru euskal konpainia Libourneko Fest’ Arts jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Abuztuaren 3tik 7ra kaleko arteen FEST´ARTS jaialdia ospatuko da Libournen, eta aurten Amaia Elizaran, Lasala eta Deabru Beltzak konpainia euskaldunak izango dira bertan.
FEST’ ARTS-en 30. urteurrena da aurten eta 2012. urteaz gerotik, Etxepare Euskal Institutuak Fest’Arts jaialdiarekin elkarlanean dihardu euskal kale antzerkia nazioartean zabaltzeko xedez.
Judith Argomanizek zuzenduta, Lasala sari ugari irabazi dituen euskal konpainia da. Bere sorkuntzak lengoaia fisiko primitiboan eta estetika oso garaikidean oinarritzen dira. Bere unibertso osoa jorratu ahal izateko, konpainiak 3 ikuskizun aurkezten ditu: ‘Female’, ‘IU’ eta ‘Fight’, gure egungo munduaren kezkak bizi-bizi islatzen dituztenak.
Deabru Beltzak taldeak, berriz, antzerki eta musika ikuskizuna eskainiko du jaialdian. Taldearen hain ezaugarri esanguratsua den sua ez da faltako egun honetan. ‘Les tambours de feu’ izeneko lanaren bidez, ikusleekiko harremana bilatzen du taldeak. Agerpen ikusgarri baten ondoren, perkusionistak ikuslearengana hurbiltzen dira danborraren doinuak ikusleei zirrara eragiteko. Horrela, kalea eta ikuslea eraldatzea lortu nahi dute.
Amaia Elizaran normaltasun berrian ditugun erabateko askatasun momentu horietan oinarritzen da ‘OUT’ lana egiteko. Konfinamendu garaian sortzen den pieza da, antsietatearekin apurtu eta askatasun sentipenari eta arnasa hartzeari egiten dio erreferentzia. Bere aurreko lana den ‘Mar’-ek itsaso barruan murgilarazten du ikuslea, ‘OUT’-ek ordea nolabait itsaso hortatik ateratzen du.
”Euskadi à Libourne” programaren bitartez, Hego Euskal Herriko konpainia berri zein kontsolidatuek ikuskizunak eskaintzen dituzte jaialdiaren baitan. Aurten, hiru euskal konpainia izango dira euskal leiho honetan: Amaia Elizaran, Lasala eta Deabru Beltzak.
Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetza Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da, bi lurraldeen arteko zubia eraikitzeko asmoz. Azken hori Eusko Jaurlaritzak eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak 2016an abian jarritako lankidetza da.