BASQUE. 1x04 | Hiromi Yoshida, euskararen erronkez
Euskara. Kultura. Mundura.
Entzungai duzue jada BASQUE. podcastaren laugarren atala! Hiromi Yoshidarekin izan gara geure hizkuntzari buruz solasean.
Euskal Herrian sekula izan gabe ikasi zuen euskara, duela hiru hamarkada, eta orduz geroztik maiz etorri da. Azpeitian elkartu gara hizkuntzalari eta euskara irakaslearekin, bereziki maite duen herrian. Izan ere, bertako euskalkiari buruz egin zuen tesia, eta japonierara itzuli zuen Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua, euskaraz idatzitako lehena.
Euskalkiak eta gure hizkuntzaren dinamikotasuna nabarmendu ditu Yoshidak, baina kezkatuta dago euskararen osasunarekin, ez baita erraza hizkuntza gutxituentzat mundu globalizatuan bizirautea. BASQUE. podcastaren atal honetan, gertutik ezagutuko dugu ikertzaile japoniarraren ibilbidea, euskararekin maitemindu zenetik gaurdaino.
BASQUE. podcasta
Euskal kultura eta sormena mundura zabaltzeko erakusleihoa da Basque. podcasta. Atalez atal, inspirazio-iturri ditugun hainbat sortzaile eta pertsona ezagun izango ditu protagonista; zinemaren, gastronomiaren, hizkuntzaren eta artearen ordezkari nabarmenak, hain zuzen.
Nazioarteko entzuleari espreski zuzendutako podcast honek jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztutako bost atal ditu. Lehen denboraldiko elkarrizketak urritik abendura bitartean plazaratuko dira Podcast atalean, baita audio plataforma nagusietan ere.