Hauxe izango da udako formakuntza ikastaroaren egitaraua
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak EHUrekin batera udaran egin ohi duen ‘Bikaintasuna euskal ikasketetan’ ikastaroaren X edizioak jada badu egitaraua, eta izena emateko epea zabalik. Atzerrian euskara eta euskal kultura irakasteko interesa duten horientzat zuzendutako ikastaro honek aniztasuna izango du hizpide, eta uztailaren 8 eta 9an egingo da Donostiako Miramar jauregian. Izen-ematea ikastaroaren lehen egunera bitarte egongo da zabalik, esteka honetan.
Ikastaroa hainbat adituk eskainitako hitzaldi eta mintegiez osatuko da, eta bizi dugun larrialdi egoera honetara egokituko da; izan ere, egitaraua osorik online bidez jasotzeko aukera gehituko zaio eta, horrez gain, aurrez-aurreko ikastaroan ere, hitzaldi batzuk pantailen bitartez eskainiko dira. Online bidezko ikastaroak aurrez aurrekoak baino prezio merkeagoa izango du.
Garai honetan aniztasunak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina eta irakaskuntza horri egin diezaiokeen ekarpena aztertuko dira Bikaintasuna Euskal Ikasketetan X ikastaroan. Horretarako hizkuntzaren, zinemaren, literaturaren eta, oro har, kulturaren esparruan aniztasunak duen tartea izango dute mintzagai.
Bost mintegik osatuko dute lehen eguneko egitaraua: ‘Euskal kultura nazioarteko testuinguru anitz eta globalean’ (Lorea Agirre), ‘Euskararen ekarpena hizkuntza aniztasunari’ (Andoni Barreña), ‘Euskalkiak eta euskara batua’ (Adolfo Arejita), ‘Nola landu euskal dialektologia klasean Euskal Herritik at’ (Ander Beristain, online bidez) eta ‘Euskal iruditeriaren aniztasuna’ (Monika Madinabeitia).
Bigarren egunean beste bost izango dira. Iratxe Fresnedak emango dio hasiera, ‘Euskal gizartearen eta kulturaren aniztasuna ikus-entzunezko adierazpenetan’ hitzaldiarekin. Ostera Itxaro Borda idazleak hartuko du hitza: ‘Euskal gizartearen eta kulturaren aniztasuna literatur adierazpenetan’. ‘Euskal gizartearen eta kulturaren aniztasuna arte adierazpenetan’ hitzaldiarekin amaituko du goizeko egitaraua Garazi Ansak. Arratsaldean, amaitzeko, euskara eskolak eta euskal kulturari buruzko eskolak online nola eman azalduko dute Unai Nafarratek eta Estibalitz Ezkerrak, hurrenez hurren, Estatu Batuetatik online konexio bidez.