Harrera bikaina izan dute Montrealen aurkeztutako euskal sortzaileen lanek

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-09-21

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Saison Quebec - Pays Basque kultur trukerako egitasmoak hasi du bere azken txanpa, 2022ko udazken osoa iraungo duena, eta egun gutxiko tartean egin diren lehenengo ekitaldiek harrera bikaina izan dute. Euskal zinema, dantza eta hizkuntza politikaren berri izan dute Montrealgo hiritar, sortzaile eta unibertsitate munduko lagunek horrela, harrera beroa izan duten hainbat aurkezpen eta emanaldien bidez.

Kultur programak puntu gorenetako bat izan du irailean, Montreal hirian, egun gutxiko tartean egindako hiru ekitaldi arrakastatsurekin. Basque Focus atalaren baitan, Festival Quartiers Danses jaialdian parte hartu dute Malandain Ballet Biarritz, Lasala, Proyecto Larrua eta Osa+Mujika konpainiek, bederatzi ikuskizun eta 15 emanaldi eskainiz; Cinémathèque Québécoise filmategiarekin batera antolatutako euskal zine zikloak zazpi film eman ditu irailaren 9tik 18ra; eta Elbira Zipitria euskal ikasketen katedraren irekiera jardunaldia egin da 9an, McGill Unibertsitatean.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren arabera, irailean gauzatu diren ekimenak “oso esanguratsuak” izan dira, “bikainak eta arrakastatsuak izateaz gain, horietako batzuk segida izango dutelako. Quebeceko bisitan ez dugu, beraz, programa bat amaitu, baizik eta proiektuaren zati baten jarraipena finkatzea lortu dugu”.

Proiektuari jarraipena ematea da ortu nahi izan den helburuetako bat. Ildo horretatik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua buru zuen ordezkaritzak hainbat bilera egin zituen Saison Québec – Pays Basque egitasmoak irekitako bideari jarraipena emateko asmoz Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioko, Kanpo Harremanak eta Frankofoniako Ministerioko eta CALQ (Conseil des arts et des lettres du Québec) erakundeko arduradunekin.

Euskal sorkuntzan fokua

Irailaren 8an, Malandain Ballet Biarritzek hartu zuen Quartiers Danses jaialdiari hasiera emateko ardura, Maisonneuve antzokian, 1300 pertsonaren aurrean, ‘La Pastorale’ lanarekin.

Aipatutakoaz gain,‘Nocturnes’ eta ‘Mozart a deux’ ikuskizunak eskaini dituzte hiriko hainbat gunetan. Judith Argomanizek gidatutako Lasala izan da programazioko beste protagonistetako bat. Konpainiak ‘Fight’, ‘Alive’ eta ‘IU’ lanak aurkeztu ditu. Jaiotz Osa eta Xabier Mujikak osatzen duten bikote artistikoak, Osa + Mujika-k, hartu dio lekukoa: ‘Expectations will not kill you’ lana ikusi ahal izan da hiriko kaleetan. Eta amaitzeko, Proyecto Larrua taldearen txanda izan da, ‘Muda’ eta ‘Idi begi’ lanekin.

Telmo Esnalen ‘Dantza’ filma eman dute Montrealgo Arte Ederren Museoan, eta Bilaka dantza taldeak emanaldia eskaini du ‘Soka’ erakusketaren irekiera ekitaldian, Centre des Musiciens du Monde (Munduko musikarien zentroa) gunean.

Bestalde, Elbira Zipitria katedra abian jartzeko hitzarmena sinatzearekin batera, egun osoko irekiera egitarau akademikoa egin zuten McGill unibertsitateko CRIEM-en (Centre de recherches interdisciplinaires en études montréalaises), Quebec eta Euskal Herriko adituren eta ikerlarien parte hartzearekin. Bi errealitate horietan, hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola izan zuten hizpide hizlariek. Horien artean izan ziren Euskal Herritik joandako hiru aditu: Idoia Fernandez UPV/EHUko irakaslea; Miren Azkarate UPV/EHUko irakaslea, eta Pablo Suberbiola Sozioliguistika Klusterreko ikerlaria.

Halaber, elkarbizitza, bakea eta euskal gatazkaren ikuspegi anitzak erakutsi dituzte Quebecko Filmategiak programatutako zinema zikloan. ‘La fuga de Segovia’ (Imanol Uribe, 1981), ‘Yoyes’ (Elena Taberna, 2000), ‘La pelota vasca’ (Julio Médem, 2003), ‘Asier eta biok’ (Aitor Merino, Amaia Merino, 2013), ‘Lasa eta Zabala’ (Pablo Malo, 2014), ‘Negociador’ (Borja Cobeaga, 2014), eta ‘Maixabel’ (Iciar Bollaín, 2021) izan dira ikusgai.

Jarduera gehiago

Iraileko jarduerok ez dira, ordea, egingo diren bakarrak. Itxaro Borda Trois Rivieres nazioarteko poesia jaialdian arituko da urriaren 1ean eta 2an; Igor Calongek dantza egonaldia egingo du Montrealgo Dantza Garaikideko Eskolan eta Kulunka Teatrok Cinars Montrealgo arte eszenikoen biurtekoan hartuko du parte, OFF-Cinars atalean, azaroaren 8an.

Musikari dagokionez, Xabi Aburruzagak 3 kontzertu eskainko ditu Quebecen. Oreka TX M pour Montreal-en arituko da azaroaren 17an, eta Sigma Project saxofoi laukotak hainbat solasaldi eta kontzertu emango ditu Montrealgo Unbiertsitatean urriaren 23tik 26ra. Horrekin batera, Mikel Etxekopar eta Claudine Arhancet abeslari xiberutarrek egonaldi artistikoa egingo dute Centre des Musiciens du Monde gunean, euskal musika tradizionala eta Quebeceko kultura indigenaren arteko nahasketa esperimentatzeko.

Amaitzeko, Saison Quebec – Pays Basque programatik at, baina Kanadan bertan, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte Torontoko Festival of Authors jaialdira joango dira mahai ingurua eta bertsolaritzaren inguruko aurkezpena egitera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu