Harkaitz Zubirik egingo du Alan R King katedrako ikerketa egonaldia
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitateak izendatu dute Alan R. King katedrako hurrengo ikertzailea. Harkaitz Zubiri izan da hautatua 2023. urteko ekitaldirako Alan R. King Katedrarako ikertzaile/irakasle gonbidatua izateko, euskal soziolinguistikagaiari buruzko jarduera akademikoak eta ikerketakoak burutu eta Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuetako Zentroan (CAWCS) 6 aste arteko egonaldia egin dezan; ikastetxeetan euskararen ikaskuntza sustatzeko jarduerak landuko ditu.
Zubiriren proiektuaren izenburua da ‘Euskara ikasle guzti-guztien eskura. Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuek modu eraginkorragoan sustatzen dute euskararen ikaskuntza ikastetxeetan / Solasaldi Literario Dialogikoak eta Talde Elkarreragileak. Ikastetxeetan euskararen ikaskuntza indartzeko jarduera arrakastatsuak’.
2022an martxan jarritako katedra honen xedea da soziolinguistikaren, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren, literaturaren, kultura eta hizkuntzen esparruetako ikerketetan oinarritutako lankidetza pedagogiko bat ezartzea euskal eta galestar eremuen artean; ikerketa bateratua garatzea Gales eta Euskal Herriaren arteko kultur-arteko komunikazioaren alorrean; eta informazio zientifikoa eta alde bakoitzeko hizkuntza, kultura eta herrialde politiken ingurukoa elkarri ematea.
Harkaitz Zubiri Esnaola Soziologian lizentziatua eta doktorea da, Ingeles Filologian lizentziatua, Irakasletzan diplomatua eta Ikasketa Aurreratuetan diplomatua. Irakasle lanetan aritu da 1999tik eta UPV/EHUn 2007an hasi zen irakasle lanetan. Gaur egun irakaslea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, irakasleen hasierako trebakuntzaren arloan, hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailekoa da.
Bere ikerketa lerroek aztergai dituzte hezkuntza arloko desberdinkeria gainditzeko ereduak, batik bat hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan; kultura ohiturak eta kultura politikak; eta genero indarkeria eta maskulinitateak. Gai hauei buruz hainbat artikulu argitaratu ditu aldizkari nazionaletan nahiz nazioartekoetan. Zenbati libururen eta liburu-atalen egilea ere bada.