“Ikasle guzti-guztiek euskara eraginkortasunez ikasteko aukera bermatu behar dugu”
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak Galeseko University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean sustatzen duen Alan R. King katedrako azken ikerlari gonbidatua izan da Harkaitz Zubiri. 2022an martxan jarritako katedra honek euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea ere.
Zubiriren ikerketa proiektuak Ikastetxeetan euskararen ikaskuntza indartzeko jarduera arrakastatsuak eta horiek sustatzeko modu eraginkorrak jorratzen ditu. Bere ikerketa lerroek aztergai dituzte hezkuntza arloko desberdintasunak gainditzeko ereduak, batik bat hizkuntzen ikaskuntzaren eremuan; kultura ohiturak eta kultura politikak; eta genero indarkeria eta maskulinitateak. Hainbat mintegi eta hitzaldi eman ditu bere ikerketa gaiaren inguruan Galesen egindako egonaldian - Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuetako Zentroan (CAWCS) -. Berarekin hitz egin dugu bere egonaldiaz eta bere ikerketak eman dituen aurrera pausoez.
Zein izan da Galesen egindako egonaldiaren helburua? Nolakoa izan da esperientzia?
Eskoletan hizkuntzaren ikaskuntzaren inguruan egiten ari garena partekatzea zen helburu nagusia, Galesen eta Euskal Herrian gertatzen ari zena elkarri azaltzea, eta, aldi berean, parez pare dauzkagun erronkei nola aurre egin partekatzea. Galesen erronka handiak dauzkate eskoletako hizkuntza-ikaskuntzaren arloan, baina hemen Euskal Herrian ere badauzkagu, eta batean eta bestean gertatzen ari dena partekatzea oso lagungarria izan da. Ikergune batean egin dut egonaldia, eta bertatik ate asko ireki dizkidate, eta horri esker pertsona askorekin hitz egiteko aukera izan dut: unibertsitateko ikertzaileak, eskoletako irakasleak, gizarte zibileko eragileak, gobernuko kideak. Oso aberasgarria izan da. Hizkuntzarekin eskoletan gertatzen ari dena ulertzeko, hezkuntzarekin eta gizartearekin oro har gertatzen ari denari buruz ere asko hitz egin dugu.
Zure ikerketak, besteak beste, ikastetxeetan euskararen ikaskuntza indartzeko jarduera arrakastatsuak eta horiek sustatzeko modu eraginkorrak jorratzen ditu. Zer ekarpen jaso du ikerketak egonaldian?
Azken hamarkadetan aurrerapauso handiak eman ditugu euskara ikasteko aukera pertsona guztien eskura jartzeko bidean. Eskoletan euskara ikasteko aukera asko zabaldu da. Gizarte zibilak eta zenbait erakunde publikok ahalegin handia egin dute, eta lorpenak aintzat hartzekoak dira. Datuek garbi erakusten dute murgiltze-ereduak eta mantentze-ereduak zabaltzea funtsezkoa izan dela, baina, aldi berean, datuek garbi erakusten dute orain ezinbestekoa dela bestelako hobekuntza batzuk ere martxan jartzea. Ez da nahikoa euskara instrukzio hizkuntza izatea. Ikasle guzti-guztiek euskara eraginkortasunez ikasteko aukera bermatu behar dugu. Baten batek esan dezake hori ez dela posible. Lurra laua dela ere esaten dute batzuek. Baina ikerketa zientifikoak argi eta garbi erakutsi du ikasle guztiek lor dezaketela hizkuntza-konpetentzia ona. Oraingoz ez dugu lortu, eta horregatik lehentasunezko helburua izan behar da. Esan ohi da ikasleak jatorri sozio-ekonomiko-kultural jakin batzuetakoak direnean ezin dutela arlo honetan arrakastarik lortu, baina ez da egia.
Elementu askok zaildu edo erraztu dezakete eskola-arrakasta, baina ikerketak garbi utzi du jatorri sozio-ekonomiko-kulturalak ez duela arrakasta edo porrota determinatzen. Gakoa, eskoletan egiten dena da. Esate baterako, eskolan hezkuntza jarduera arrakastatsuak eraginkortasunez egiten direnean, etorkin jatorriko ikasleek emaitza onak lortzen dituzte, beraien herrialdeetako batezbesteko emaitzak baino hobeak. Gakoa, ikerketa zientifikoak frogatu duena aplikatzea da. Alan R. King katedrako egonaldian gai hori izan da lehentasuna.
Erronka hori Galesen ere badaukate, eta hangoaren berri izatea garrantzitsua izan da, beste testuinguru batean zer ezaugarri dituen ulertzeko, eta, bide batez, haiei ere hainbat herrialdetan martxan dauden esperientzia arrakastatsuen berri emateko.
Zer landu duzu emandako mintegi eta eskoletan?
Eskoletan hizkuntza modu eraginkorragoan nola ikas daitekeen landu dugu, eta nola jarri ikasle guzti-guztien eskura hizkuntza eraginkortasunez ikasteko aukera. Azken batean, hizkuntzaren ikaskuntzak ate asko irekitzen ditu. Diskurtso bat badago esaten duena ez dela posible ikasle guztiek ondo ikastea, baina ez da egia. 1960ko hamarkadan esaten zen emakumezkoak ez zirela gai matematika gizonezkoak bezain ondo ikasteko. Gaur egundik begiratuta, zentzugabekeria hutsa iruditzen zaigu. Ba egoera berdina da ikasleen jatorriari eta hizkuntzaren ikaskuntzari dagokionez. Eskoletan eskuhartze eraginkorrak egitea da gakoa.
Zer baldintzatzen du hizkuntzaren ikaspena eraginkorra izatea ala ez?
Hizkuntza ondo ikasi ahal izateko ez zaio soilik hizkuntzaren ikaskuntzari begiratu behar. Besteak beste, eskoletako harremanen kalitateari ere begiratu behar zaio. Horretan ere erronka handia daukagu. Harreman kalitateak asko baldintzatzen du eskolako kideen zoriontasuna eta osasuna, baina, horrez gain, ikasteko aukerak handitzeko edo murrizteko faktore oso garrantzitsua da. Ez da aukeratu behar harremanen kalitatearen eta hizkuntzen eta edukien ikaskuntzaren artean. Baterako eta besterako eraginkorrak diren eskuhartzeak aukeratu behar dira. Zer egin ondo aukeratzen denean, sortzen den ikaskuntza-martxa eta eskola-giroa eta ilusioa sekulakoak izaten dira.
Zer balantze egiten duzu egonaldiaren inguruan?
Interes oso handiarekin jaso dute gaia. Gaur egun Galesen dituzten erronkekin eta kezkekin bat egiten du. Euskal Herrian gertatzen den bezalaxe. Zer ondorio atera ditudan? Itxaropentsua izan da. Galesen ere hobera egin dute hainbat arlotan, eta pertsona asko daude gogotsu hobekuntza berriak martxan jartzeko. Euskal Herrian bezala gertatzen da: zailtasunak badaude, handiak gainera, baina hobetzeko aukerak ere oso errealak dira, eta hobekuntza batzuk dagoeneko gertatzen ari dira. Batzuen ustez posible ez zena, behar den bezala egin den lekuetan, hezkuntza jarduera arrakastasuak praktikara eraman dituzten lekuetan, aldaketak gauzatu dira jadanik.
Zeintzuk dira ikerketa alorrean dituzun etorkizunerako erronkak?
Ikerketak egiterakoan, funtsezkoa da gizarteak dauzkan beharrei erantzutea. Ikerketa ezin da diagnostiko soilera bideratu. Ikerketak konponbideak eskaini behar ditu. Inpaktu sozialera bideratu behar da. Gure gizarteak jakin nahi du ea ikasle guztiek nola lor dezaketen eskola-arrakasta. Hizkuntzen ikaskuntzari dagokienez, erronka ere garbia da: nola bermatu dezakegu ikasle guztiek euskara maila ona lortzeko aukera izatea? Hori ikertzen jarraitzen dugu orain. Eskuhartze zehatzak aztertzen ari gara, eta emaitzak oso itxaropentsuak dira.