Harkaitz Cano Indiako Kerala Literatur Jaialdian izan da

2019/01/24

Euskara. Kultura. Mundura.

Indiako Kerala estatuan, Kozhikode hirian, urtero egiten den Kerala Literature Festival (KLF) jaialdian izan da Harkaitz Cano idazlea. Besteak beste, poesia itzulpengintza tailer batean parte hartu du, nazioarteko hainbat idazlerekin batera. Hau ez da autorea herrialde horretara joaten den lehenengo aldia; iaz Hyderabad hiriko literatura jaialdian izan baitzen, hainbat ekintzatan parte hartuz.

KLF jaialdiaren 2019. urteko edizioa urtarrilaren 10-13 artean egin da. Jaialdiak urtero herrialde bat gonbidatu ohi du, eta Gales izan da 2019ko hautatua.  Hainbat jardueraren artean, poesia itzulpengintza tailerra egin dute Poetry Connections Europe-India izeneko lankidetza esparruan. Hain justu, tailer horretan parte hartu du Canok, poeta galestar batzuekin eta malayalameraz idazten duten hegomendebaldeko Indiako poeta zenbaitekin batera. Tailer horretan, ingelesa zubi hizkuntza gisa erabiliz, elkarren poemak itzuli zituzten nork bere hizkuntzara, baita zalantzak partekatu eta eztabaidatu ere. Ostera, hitzaldi kolektibo batean, jendaurrean aurkeztu zuten autoreek tailerrean egindako lana, urtarrilaren 11n.

Horrez gain, Galesekin loturiko ekintza kulturalen barruan, Canok beste jarduera batean parte hartu zuen urtarrilaren 12an: From page to stage to screen izenpean, ikus-entzunezko gidoigintzaz eta literaturak zinearekin eta antzerkiarekin dituen loturez aritu zen Caryl Lewis gidoilariarekin eta Tara Robinson antzerkigilearekin batera. Indiako bisitaldia amaitzeko, Canok hilaren 14an poesia irakurraldi kolektibo batean parte hartu zuen Kitab Khana liburu-dendan, Mumbain.

Kerala Literature Festival, Indiako bigarren literatura jaialdirik handiena da. Bertara diziplina anitzetako ehundaka artista joaten dira urtero: idazleak, musikariak, pentsalariak edota aktibistak, besteak beste. Idazlearen hitzetan, “oso jaialdi herrikoi eta jendetsua da, adin guztietako jendea biltzen da bertan”. Jai giroa ere nabarmena da han, hitzaldiez gain kontzertuak ere antolatzen baitituzte ilunabarrean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu