Hakusuisha argitaletxeak eta Nami Kaneko itzultzaileak irabazi dute II. Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Euskara. Kultura. Mundura.

2016-09-30

Etxepare Euskal institutuak eta Laboral Kutxak iaz sortu zuten Itzulpen Saria banatu dute gaur, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean. Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lan bat saritzeko asmoz sortutako saria da. Gaur jakinarazi dutenez, Hakusuisha argitaletxe japoniarrak eta Nami Kaneko itzultzaileak irabazi dute saria aurten, Mussche Kirmen Uriberen eleberriaren japonierarako itzulpenagatik.

Epaimahaia honako adituek osatu zuten: Inaxio Garro Laboral-Kutxako Euskara arduraduna, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria eta EHUko irakaslea, Elizabete Manterola EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea eta Lourdes Auzmendi, EHU irakasle, itzultzaile eta interpretea.

(...)

Etxepare Euskal institutuak eta Laboral Kutxak iaz sortu zuten Itzulpen Saria banatu dute gaur, Itzultzaileen Nazioarteko Egunean. Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lan bat saritzeko asmoz sortutako saria da. Gaur jakinarazi dutenez, Hakusuisha argitaletxe japoniarrak eta Nami Kaneko itzultzaileak irabazi dute saria aurten, Mussche Kirmen Uriberen eleberriaren japonierarako itzulpenagatik.

 

Epaimahaia honako adituek osatu zuten: Inaxio Garro Laboral-Kutxako Euskara arduraduna, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria eta EHUko irakaslea, Elizabete Manterola EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea eta Lourdes Auzmendi, EHU irakasle, itzultzaile eta interpretea.

 

Saria banatzeko ekitaldiaren hasieran, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eskerrak eman dizkie euskaraz idazten duten egileei, bai eta haien lanak itzuli eta gure literatura mundura eramateko ardura hartzen duten itzultzaileei eta argitaldariei ere. Sariaren xede nagusia ere ekarri du gogora, euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea gure eremutik kanpo sustatzea, alegia. Bigarren deialdi honetara zortzi lan aurkeztu direla ere azaldu du; hain zuzen ere euskarazko testuak gaztelaniara, katalanera, lituanierara eta japonierara itzulitako lanak izan dira aurkeztu direnak.


Inaxio Garrok izan du irabazleen iragarpena egiteko ardura.Hakusuisha argitaletxe japoniarra eta Nami Kaneko itzultzailea aho batez saritu dituztela argitzeaz gain, epaimahaiak kontuan izan dituenak arrazoiak ere azaldu ditu. Itzulpenari dagokionez, itzulpenaren kalitatea, euskaratik zuzenean  japonierara itzultzeak duen konplexutasuna eta Nami Kanekoren eskarmentua itzultze-lanetan. Argitalpenari dagokionez, aldiz, Hakusuisha etxearen 100 urteko ibilbide luzea azpimarratu du, eta argitaletxeak liburua Japonian sustatzeko egin duen lan bikaina. Lan honi esker Nami Kanekok 2016ko Japoniako Itzulpengintza Sari Nagusia (Nihon hon’yaku taishō) jaso duela ere nabarmendu du.


Mari Jose Olaziregik New Yorketik zoriondu du Nami Kaneko. Bere profila ezohikoa dela azaldu du, ez euskaraz ikasi duelako eta literatura zale amorratua delako, baizik eta lan bat itzuli ondoren hura zaintzeaz eta Japonian mugitzeaz ere arduratzen delako. Izan ere, zehaztu du Olaziregik, Kaneko itzultzaile kualifikatua izateaz aparte “literatura kritikaria ere bada, eta ingurune elebidun batean sortzea izan du ikerketarako gai azken urteetan. Bere profila ez da ohikoa euskal letretan”.

 

Saria jasotakoan esker on hitzak izan ditu Nami Kanekok sariaren sustatzaileentzat, kanpoan egiten den lana aitortzeagatik,  “lan indibidual hori gehienetan ahaztuta gelditzen” da eta. Aitzindariak omendu nahi izan ditu itzultzaileak, euren lanek zer pentsatu handia ematen baitiote: batetik, Hiromi Yoshida, euskararen ateak zabaldu zizkiolako, eta Sho Hagio, euskal kulturaren zabalkundean egin duen lanagatik eta bere eskuzabaltasunagatik; bestetik, aurreko belaunaldia: Suzuko Tamura ikerlaria eta Japoniako lehen euskara irakaslea eta Michico Kano historialaria, hari esker Agirre lehendakariaren memoriak edota Gerra Zibileko idatziak japonieraz irakurri ahal izan zituelako.

Ryoko Sekiguchi japoniar idazlearen  Eskutik helduta testua oinarri hartuta, eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik lanaren izenburuarekin jolasean,  Nami Kanekok hizkuntza eta autore asko eskutik helduta ikusten dituela gaineratu du, eta berak ere “euskara eskutik helduta ibiltzea” erabaki zuela, bizitzan zein itzulpengintzan. Euren eskua eskaini dioten irakasle, ikaskide, lagun eta argitaletxeei ere eskerrak eman dizkie, bai eta Kirmen Uriberi eta bere familiari, berarengan izan duten konfiantzagatik.

 

Kirmen Uribe ere pozik azaldu da eta Hakusuisha argitaletxearekin esker oneko, bere ibilbidearen alde apustu egin duelako.  Babesa ematen duen pertsona zehatzak munduan aurkitzeak duen garrantzia nabarmendu du Uribek, bere kasuan Etxepare Institutuan aurkitu dituenak, edo Nami Kaneko eta gainontzeko itzultzaileak. Bere esanetan azken hauek maitemindu egiten dira liburuekin, horregatik itzultzen dituztela: “ez da lan mekanikoa, emozionala baizik”.

 

Ekitaldiari amaiera amaitzeko Kirmen Uribek eta Nami Kanekok “Mussche” lanaren zati baten irakurketa bat eskaini dute, euskaraz batak, japonieraz besteak. Modu ezin hobea Itzultzaileen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu