“Filma Berlinalen estreinatzea sinestezina da; nire helburu nagusia esperientziaz gozatzea da”

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-01-25

Alauda Ruiz de Azúak ilusioz beterik hasi du 2022 urtea. Berlinalek bere opera prima, ‘Cinco lobitos’, aukeratu du aurtengo Panorama sailean parte hartzeko. Zuzendari bizkaitarrak bertan parte hartzetik zer espero duen kontatu dio Zineuskadiri.

- Berlinalek ‘Cinco Lobitos’ filma aukeratu izanak zer eragin du proiektuarentzat?

- Film familiarra da, lagun artean maitasunez egina. Hazten joan den proiektu txiki bat da; beraz, Berlinale bezalako jaialdi batek bidaia hasteko indarra eman digu. Proiektu bati ekiten diozun bakoitzean ilusio handiz hartzen duzu, eta pelikulak jendearekin konektatzea nahi duzu, publikoak ikustea, baina ez da erraza izaten filma banatzea edo aretoetara eramatea. Aukeraketa honek indar handia ematen digu.

- Ba al zenuten zuen lana hautatua izateko itxaropenik?

- Egia esan, ez dugu inoiz planteatu, ez dugu horretan pentsatu. Badakigu oso zaila dela, horrelako jaialdiek film asko jasotzen baitituzte eta ez baitakizu non egon daitekeen zeurea aukeratzeko gakoa. Egia da ilusio handiz bidali genuela, oso sentsazio onak baititugu filmarekin. Ikusteko aukera izan duen jende apurrak eta guk geuk nabaritu dugu lanak zerbait berezia duela: ikuslearekin konektatzea lortzen du eta hunkitzen zaitu. Hura bidaltzeko ilusioa genuen, baina inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen, oso lan onak daudelako.

- Zein helbururekin zoazte?

- Ez dut esperientziaz gozatzea baino helburu handiagorik. Jakin-min handia dut mundu mailako estreinaldia han izango delako. Zinema-areto batean ikusi ahal izango den lehenaldia da, eta jendeak nola erreakzionatzen duen, zein feedback dagoen, neurtu nahi dut. Gure konfiantzazko jendearekin emanaldi txikiak egin ditugun arren, lehen aldia da jende gehiagorekin proiektatuko dena. Beldur baino ilusio gehiago sentitzen dut. Helburu zehatzik gabe baina itxaropen handiarekin noa, filma ezagutzera eman eta erakutsi ahal izango dugulako.

- ‘Cinco lobitos’ ezagutzen ez duenarentzat, nola aurkeztuko zenioke lana?

- Lan kontziliazio arazoak dituen hogeita hamar urte inguruko ama baten istorioa kontatzen du filmak. Gurasoen etxera itzultzen da, haurra zaintzen duen bitartean bera zainduko duten itxaropenarekin. Horrek gauza askori buruz hausnartzeko aukera ematen du. Batzuetan helduak garela uste dugu; gure lana dugu, gure bizitza, baina gurasoen etxera itzuli eta edozer komentariorekin nerabezarora bueltatzen gara automatikoki. Aldi berean, guraso bihurtzen garenean, gureak beste era batera tratatzen hasten gara. Hain zuzen, familia-harremanen rol-aldaketa horri buruz hitz egiten digu filmak, eta amatasun oso desberdina bizi izan duten bi belaunaldiren arteko hartu-eman polita ere erakusten digu. Alde batetik, 70eko eta 80ko hamarkadetan seme-alabak izan zituzten amak ageri dira, zeinak kasu askotan etxean geratzen ziren etxeko lanen kargu; eta, bestetik, haien alabak, gaur egungo amak, kontziliazio-arazoak dituztenak eta lanera itzultzen saiatzen direnak.

- Jende asko senti daiteke istorioarekin identifikatuta…

- Zalantzarik gabe, denok gara seme-alabak, eta seguruenik hori izango da filmak duen konexiorik unibertsalena. Eta, jakina, ama edo aita bazara, hor ere oso lotura polita dago, baina, hala ez bazara ere, uste dut filmak oso gogoeta interesgarriak dituela gurasoekiko harremanei buruz. Saiatu naiz istorioari errealitate kutsu handia ematen familia horren intimitatearen barruan. Gero, ia beti gertatzen den bezala, konturatzen zara familia horrek beste askoren antza duela.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu