Festival Eñe: euskal literaturaren leihoa
Euskara. Kultura. Mundura.
-
16Aza 2024Madrid
Aurten ere, Eñe festibalak euskal literaturari begirada eskainiko dio Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Katixa Agirre idazleak komisariatuta, hiru jarduerak osatuko dute ‘Ventana a la literatura vasca’ atala, eta azaroaren 16an egingo da, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-en.
Harkaitz Cano, Borja Cobeaga, Katixa Agirre
Kultura eta (auto)zentsura
18:30 | Círculo de Bellas Artes
Harkaitz Canok eta Borja Cobeagak kultura, zentsura eta autozentsura hizpide izango duten solasaldiarekin hasiko da euskal literaturaren leihoa, 18:30ean. Idazleak eta zinemagileak oztopo sotil horiek nola saihesten dituzten kontatuko dute, euskal gatazkatik ustelkeria politikora, gai konplexu eta delikatuak jorratzen dituzten lanez betetako ibilbidea berrikusiz.
Eider Rodriguez, Isabel Cadenas Cañón, Nerea Ibarzabal
Iragana eta familia: beste memoria historikoa
19:15 | Círculo de Bellas Artes
Eider Rodriguez, Isabel Cadenas Cañón eta Nerea Ibarzabalek hartuko dute lekukoa, eta memoria historikoa familiaren historiara edo mikrohistoriara hurbilduko dute. Azken finean, familiako istorioek aurreko belaunaldietako ahaideekin ez ezik, gizarte osoarekin ere lotzen gaituzte, eta etxean isiltzen dena plaza publikoan ere ahazten dena izaten da. Eleberritik podcastera, hiru egileek familiako oroitzapenekin egin dute lan fikziozko edo ez-fikziozko obrak sortzeko, emaitza nabarmenak eman dituen ikerketa, adiskidetze eta enpatia ariketa batean.
Olatz Salvador, Eneko Sagardoy, Izaskun Gracia Quintana
Solasaldi musikatua, intimotik politikora
20:00 | Círculo de Bellas Artes
Azkenik, 20:00etan, Olatz Salvador abeslari eta musikagileak, Eneko Sagardoy aktoreak eta Izaskun Gracia Quintana idazleak arte-sorkuntzarekiko konpromisoaz, euskararen erabileraz, intimitatearen zaintzaz eta pertsonalaren eta politikoaren arteko muga delikatuaz hausnartuko dute. Halaber, Olatz Salvadorrek ‘Zainak eman’ disko berriko kantuak aurkeztuko ditu.
Eñe jaialdiaren aurreko edizioetan Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Apaolaza, Mikel Urdangarin, Rafa Ruda, Angel Erro, Danele Sarriugarte, Jon Maia, Miren Amuriza, Fermin Etxegoien eta Juan Ramon Madariaga bezalako izenek hartu dute parte, besteak beste.