Euskadi Japan 2023: ‘Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak’ erakusketa
Euskara. Kultura. Mundura.
-
14Ira 202304Aza 2023
Donostia
Donostia Kulturak, Fundación Japónek eta Etxepare Euskal Institutuak, Euskadi Japan 2023 jarduera-programaren barruan eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astearen esparruan, ‘Fantasiazko zinema japoniarraren ikonoak – Aguilar-Haraguchi Bilduma’ erakusketa antolatu dute Okendo Kultur Etxean. Erakusketa honetan zinemako kartelen eta programen balio handiko bilduma batek ibilbidea egiten du Japoniako fantasiazko generoaren historian barrena.
Izua, zientzia fikzioa eta fantasia. Kaijuak, yokaiak, espektroak, banpiroak eta estralurtarrak. Japoniako animaziozko zinemak eztanda egin aurretik, munduan zehar abiadura handian hedatzen hasi eta egungo egoerara iritsi arte, eta gaur egun J-Horror izenez ezagutzen denaren agerraldi nabarmenaren aurretik, Japonian fantasiazko generoko film ugari ekoiztu ziren irudi errealean. Kabukitik sortutako mendeku espektralen istorioak, yokai izenez ezagutzen diren tokiko trasgoekin izandako gorabeherak, egun munduko izar bilakatutako Godzilla horrek irudikatutako munstro erraldoiak, edo mendebaldeko zinemako modak egokitzen zituzten filmak, besteak beste estralurtarren inbasioak edo banpiroak.
Aguilar-Haraguchi Bilduma munduko handienetako bat da eta posterrak, prentsa gidak, argazkiak, pressbookak eta orain nekez aurki daitekeen publizitateko material oro biltzen ditu. Horiek guztiak eta Haraguchik fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanaren laginak Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango ditugu.
Erakusketaren barruan, urriaren 16an, 19:30ean Okendon, ‘Kaidan. Strange Stories of Japanese Ghosts’ (Yves Montmayeur , 2023) dokumentala proiektatuko da, zinema japoniar garaikideko fantasmen eta espirituen mundura, hurbilketa bat egiten duena.

Etxepare Euskal Institutua eta egitasmoa
Euskadi – Japan 2023 sektore anitzeko ekimena Euskadiren eta Japoniaren artean dagoeneko harremanak areagotzea eta agerian jartzea du helburu. Bi lurraldeen arteko harreman horiek indartzea eta lankidetza berriak sortzea da proiektuaren helburua, hainbat alorretan: kultura, gastronomia, turismoan, ekonomian, kirolean…). Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Japoniaren arteko harreman eta lankidetza kulturalei dagokionez loturak estutzeko dihardu.
2023an zehar, aldebiko programazioa garatuko da Japonian eta Euskadin, bi lurraldeetako alor anitzeko jarduerak sustatzeko helburuz.