Euskararen Nazioarteko Eguna munduko hainbat hiritan ere ospatuko da Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-12-03

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin egingo du bat, aurten ere, Etxepare Euskal Institutuak. Askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldien bidez, diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute euskal kulturan murgiltzeko. Europako eta Ameriketako zenbait txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez.  Aurten, 13 hiritan burutuko dira jarduera hauek. Batzuek jada egin dira.

Besteak beste, Berlinen, Edinburgon, Bolognan, Montevideon, Santiagon, Poznanen edo Bartzelonan egingo dira hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, kontzertuak eta filmen proiekzioak. Jardueren zerrenda guztia kontsultatu daiteke beherago.

Euskararen Nazioarteko eguna 1949an egin zuten lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sustatuta. Ofizialki, hala ere, 1995an hasi ziren Euskararen Nazioarteko Eguneko jai, bilera eta bestelako ekintzak, euskal diasporak mundu osoko lehen kongresuaren karietara egin zuen garaian. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egoki ikusi zuten abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatzea.

Jarraian kontsultatu daiteke aurtengo jardueren zerrenda osoa:

Calabasas, Kalifornia, AEB

Azaroak 23 (University of California Los Angeles)

Miguel Leonis euskaldunak fundatutako Calabasas hirira txangoa. Bertan, Miguel Leonisen musera bisita. Klasean irakurri eta eztabaidatutako hainbat gauza hurrenez hurren ikusteko eta galdetzeko aukera ere izango dute ikasleek.

Bartzelona, Espainia

Azaroak 29 (Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona)

Bartzelonako Euskal Etxearekin eta Bartzelonako Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean antolatutako mintzodromoan parte hartzeko aukera izango dute bi unibertsitate horietako ikasleek.

Santiago, Txile

Azaroak 30 (Universidad de Chile eta Pontificia Universidad Católica de Chile )

Irakurletzek eta Euskal Etxeak antolatuta, mintzodromoa, Santiagoko Euskal Etxean bisita gidatuak, jolasak, dantzak, etab.

Brno, Txekia

Abenduak 1 (Masarykova Univerzita)

‘Errementari’ (2017, Paul Urkijo) filmaren proiekzioa Kino Art zineman.

Edinburgo, Eskozia

Abenduak 1 (The University of Edinburgh)

Bertako euskal komunitateak antolatuta, pintxo tailerra, euskal quiz-a, dantza ikastaroa,  dantzaldia eta kontzertua. Halaber, unibertsitate horretan euskara eta euskal kultura irakurle den Dylan Inglis-ek hitzaldia emango du.

Bologna, Italia

Abenduko lehen astea (Università di Bologna)

‘Bertsolari’ (2011, Asier Altuna) filma ikusi eta gero Eli Zalduarekin bertsolariarekin gaurko bertsolaritzaren inguruan arituko dira. Elkarrizketa online izango da.

Champaign, Illinois, AEB

Abenduak 2 (University of Illinois)

Euskal Herriko paisaia soziolinguistikoari buruz hitz egingo du Gorka Basterretxea hizkuntzalariak. 2019tik 2024ra egon da datuak biltzen, euskararen presentzia eta herritarren jarrerak eta erabilpena aztertuz.

Montevideo, Uruguai

Abenduak 3 (Universidad de la República)

Batetik, ‘Irati’ (2022, Paul Urkijo) filma proiektatu eta gerturatutakoekin hizketaldi bat egingo da. Bestetik, Jon Sarasuak euskarak egun bizi duen egoeraren erradiografia eta etorkizunera begira dauden erronkak ezagutzera emango ditu.

Poznan, Polonia

Abenduak 3 (Adam Mickiewicz University)

Lehenik, ikasleek ikasgelan prestatutako euskal mitologiari buruzko aurkezpenak erakutsiko dituzte. Jarraian, pintxo tailerra egingo da.

Helsinki, Finlandia

Abenduak 4 (University of Helsinki)

Euskarazko poesia sorkuntza tailerra antolatu dute ikasleekin. Hizkuntzarekin jolastu eta literatur-sorkuntza bultzatzeko helburuarekin, ikasleak euskarara eta hizkuntzetara orokorrean hurbiltzeko beste perspektiba batzuk proposatuko ditu.

Madril, Espainia

Abenduak 4 (Universidad Complutense de Madrid)

Xabier Amurizak bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat emango die unibertsitateko euskara irakasgaietako ikasleei. Komunitate akademiko osoari irekitako hitzaldia.

La Plata, Argentina

Abenduak 6 (Universidad Nacional de la Plata)

Irakurletzak eta Euskal Etxeak antolatuta, mintzodromoa eta jokoak unibertsitateko ikasgelan eta ondoren kantu afaria La Platako Euskal Etxean.

Berlin, Alemania

Abenduaren 6-10 (Freie Unviersität Berlin)

Abenduaren 6an, Edinburgoko Unibertsitatean euskara eta euskal kultura irakurle den Dylan Inglis-ek gidatuko tailer linguistikoa eta mintzapraktika egingo da Berlingo Etxeko kideentzat.

Abenduaren 10ean, Dylan Inglis-ek euskalkien eta euskara batuaren inguruko hitzaldia eta tailerra emango die Freie Unibertsitateko euskal soziolinguistikako ikasleei.

Euskarari buruz gehiago jakin nahi? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu