Euskararen Eguneko egitaraua nazioartera zabalduko da

2023/11/29

Euskara. Kultura. Mundura.

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin egingo du bat, aurten ere, Etxepare Euskal Institutuak. Askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldien bidez, diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute euskal kulturan murgiltzeko. Europako, Amerikako eta Asiako zenbait txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez.  Aurten, 12 herrialdetan garatuko dira jarduera hauek.

Besteak beste, Berlinen, Edinburgon, Venezian, Habanan, Santiagon, Los Angelesen eta Tokion egingo dira hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, kontzertuak eta filmen proiekzioak. Jardueren zerrenda guztia kontsultatu daiteke beherago.

Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, gradu edota graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira. Etxepare Euskal Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean; eta irakasle guzti horiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz haratago doan lana egiten dute: euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile dira atzerrian. Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin.

Gaur egun Etxepare Euskal Institutuak 18 herrialdetako 35 unibertsitateetan sustatu eta kudeatzen ditu euskara eta euskal kultura irakurletzak. Guztira, 29 dira programa honetan lan egiten duten irakurleak. Europan, Espainia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Finlandia, Polonia, Txekiar Errepublika, Suitza, Hungaria, Irlanda eta Georgiako hainbat unibertsitatetan daude irakurletza programak. Amerikan, aldiz, AEBn, Argentinan, Txilen, Mexikon, Uruguaien eta Kuban ematen dira eskolak. Azkenik, Asian irakurletza bat ere sustatzen du Institutuak, Japonian, hain zuzen ere.

Mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea ere bada Institutuaren eginkizunetako bat. Horretarako Euskara Munduan programaren bitartez, mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzeko egiten du lan. Gaur egun munduko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin.

Euskararen Nazioarteko eguna 1949an egin zuten lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sustatuta. Ofizialki, hala ere, 1995an hasi ziren Euskararen Nazioarteko Eguneko jai, bilera eta bestelako ekintzak, euskal diasporak mundu osoko lehen kongresuaren karietara egin zuen garaian. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egoki ikusi zuten abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatzea.

 

Jarraian kontsultatu daiteke aurtengo jardueren zerrenda osoa:

Tokio, Japonia

Abenduaren 1etik 15 era bitartean (TUFS - Tokyo University of Foreign Studies)

Euskal zinemaren ziklo bat egingo da TUFS zinema aretoan.

  • Abenduaren 1ean, ‘Nomadak TX’ (Raúl de la Fuente, 2006) filma proiektatuko da.
  • Abenduaren 8an, ‘Bertsolari’ (Asier Altuna, 2011) filma proiektatuko da. Asier Altuna zuzendaria bertan izango da solasaldia eskaintzeko.
  • Abenduaren 15ean, ‘Dantza’ (Telmo Esnal, 2018) filma proiektatuko da. Telmo Esnal zuzendaria bertan izango da solasaldia eskaintzeko.

Habana, Kuba

Azaroaren 13tik abenduaren 19ra bitarte (Universidad de la Habana).

“Euskara, mundiala. Jornadas del euskera en La Habana 2023”.

Hainbat jarduera antolatu dira: euskarari buruzko mahai-ingurua lau aktibistekin, ibilaldi gidatua Habanan, euskarari buruzko hitzaldia zientzilarientzat, eta Euskararen Nazioarteko eguneko jaialdia.

Santiago, Txile

Azaroaren 28an eta abenduaren 2an  (Pontificia Universidad Católica de Chile eta Universidad de Chile)

“Euskararen Eguna Txile”

Horma-irudien eta bideoen erakusketa, Kimuak film laburren katalogoaren proiekzioa Santiagoko Euskal Etxean, herri kirolen tailerra eta pintxo lehiaketa antolatu dira.

Mexiko Hiria, Mexiko

Abenduaren 3an (Universidad Nacional Autónoma de México)

“Euskararen eguna”

Euskal dantza ikastaroa eskainiko da. Unai Elorriaga euskal idazlearen solasaldia ere izango da Mexiko Hiriko Euskal Etxean. Elorriaga aurreko egunetan FIL Guadalajara nazioarteko literatura azokan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik.

La Plata, Argentina

Abenduaren 6an (Universidad Nacional de La Plata)

‘Betiko Haizea’ Jose Antonio Martinez Osses albokari arabarraren bizitza eta lanari buruzko dokumentalaren proiekzioa egingo da.

Illinois, AEB

Azaroaren 30ean (University of Illinois Urbana-Champaign)

“Basque Dialectology in a Changing World: New Communities and Speech Patterns”

Hitzaldia eskainiko du Ander Beristainek, Saint Louis Unibertsitateko irakasleak.

Los Angeles, AEB

Abenduaren 5ean (University of California, Los Angeles)

Twich saioa bat antolatu dute, Iruñe Astiz eta Eneko Oroz euskal streamerren eskutik.

Cork, Irlanda

Azaroaren 28an (University College Cork).

“Euskaran Murgildu”

Euskaran eta euskal kulturan murgiltzeko stand-a izan dute. Euskal musika jartzeaz eta pintxoak eskaintzeaz gain, euskarari buruzko txartel informatiboak eman dituzte.

Helsinki, Finlandia

Azaroaren 1etik 29ra bitartean (University of Helsinki)

Azken 50 urteotan euskal kulturaren biziberritzean izandako garapen eta protagonistei buruzko hitzaldi-zikloa antolatuko da. Zikloa azaroaren 1ean hasi eta 29an bukatuko da, literatura eta hizkuntzari buruzko hitzaldiarekin. Literaturaz gain, zinea eta arte ederrak ere landu dira, beti ere XX. mendearen bigarren erdian eta XXI. mende hasieran euskal kulturak izan duen garapen eta loraldiari eskainiak.

Berlin, Alemania

Azaroaren 15etik, abenduaren 6ra bitartean (Freie Universität Berlin)

“Euskararen Eguna Berlinen”

Hainbat ekintza egingo dira unibertsitatean eta Berlineko Euskal Etxean.

Bologna eta Venezia, Italia

Abenduaren 1etik 6ra bitartean University of Bologna eta Università Ca´ Foscari Venezia)

“Euskararen eguna Bolognan eta Venezian”

  • Abenduak 1ean, Francesco Massida ikasle ohia barnetegian bizitako esperientziaz.
  • Abenduak 4an, Marta de Pedisekin solasaldia Arabako Bertsolari txapelketan parte hartzeari buruz.
  • Abenduak 6an Iban Zalduaren "Come se tutto fosse accaduto" liburuaren aurkezpena.

Edinburgo, Erresuma Batua

Abenduaren 2an (The University of Edinburgh)

“Euskararen eguna / A day of Basque”

Euskal dantza tailerra, Hitzen Jokoa, bazkari herrikoia eta hainbat kontzertu egingo dira.

Brno, Txekiar Errepublika

Abenduaren 3an (Masaryk University)

Irati (Paul Urkijo, 2022) filmaren proiekzioa egingo dute Brnoko Klno Art zinema aretoan.

Leipzig, Alemania

Abenduaren 4an (Universität Leipzig)

“Dies Academicus – Euskara tailerra”

Euskara eta euskal kultura landuko da Dies Academicus programaren baitan.

Madril, Espainia

Abenduaren 4an, (Universidad Complutense de Madrid)

“Bertso-cocido”

Bertso-cocido izenburupean, bertso afaria egingo da Madrilen. Euskal Herritik Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolariek parte hartuko dute.

 

Poznan, Polonia

Abenduaren 7an (Adam Mickiewicz University)

“Euskara bizia”

Mahai informatiboa eta euskal dantza ikastaroa izango dira.

Frankfurt, Alemania

Abenduaren 7an (Goethe-Universität)

Afrika Bigangen hitzaldi musikatua.

Bartzelona, Espainia

Azaroaren 30ean  (Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona)

“Euskararen eguna Bartzelonan”

Iñaki Iurrebasoren hitzaldia.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu