Euskara klaseak itzuli dira Edinburgoko Unibertsitatera
Euskara. Kultura. Mundura.
Ikasturte berriarekin batera, euskara klaseak ematen hasi dira The University of Edinburgh-n, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen irakurletza sarearen baitan. Etxepare Euskal Institutuak, The University of Edinburgh-ekin elkarlanean, irakurletza hau kudeatzen du unibertsitate eskoziarrean.
Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko unibertsitate eta goi mailako zentroetan, irakurletza programaren bitartez. Euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasgaiak munduko hainbat unibertsitateren eskaintza akademikoan daude haiekin sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenei esker.
COVID 19-aren pandemia zela eta, eskoziako irakurletza bertan behera geratu zen, baina aurten euskara eta euskal kultura eskolak ber hartu dira, Gaztelania eta Portuges ikasketen departamentuaren barruan.
Irakurletzaren eskolak Dylan Inglisen esku egongo dira. Dylan Inglis aski ezaguna da Euskal Herrian. Bere kontu euskara ikasi eta orain euskara irakaslea bilakatu den ingelesa da. Dylanek harreman estua du Euskal Herriarekin eta euskararekin. Bere ikasketa prozesuan arreta berezia jarri zion euskalkiei, Bizkaiera, Zuberera eta Baztango euskara aise hitz egiten ditu. Gainera, bertsozalea ere bada.
Astean bi saio presentzial izango dituzte, orain hasi eta maiatzera bitarte. Gainera, Inglisek euskara irakasteko Boga plataformaren erabilera egitea erabaki du. Boga Internet bidez euskara ikasteko multimedia sistema bat da, eta, beraz, euskara etxetik edo aukeratzen den tokitik ikasteko aukera eskaintzen du, betiere irakasle edo tutore baten laguntzarekin. Horrez gain, hiztegi berria erakusten die eta mintzamena ere praktikatzen dute.
Horrela definitu du Inglisek bere ikasleen profila: “Edozeinek eman dezake izena ikastaro honetan, baina batez ere lehen eta bigarren mailakoentzat dago bideratuta. Gehienak filologia edo hizkuntzalaritza sailetik datoz, beraz, perfila hizkuntzazaleena da. Espainiera, errusiera, txinera, psikologia… ikasten dutenak ere badaude. Gehienak hizkuntzei lotutako zerbaitetan ari dira baina nahiko profil anitza dela esan daiteke. Kreditu gehigarriak lortuko dituzte ikasle batzuek ikastaro hau egiteagatik; beste batzuen kasuan, aldiz, ikastaroa graduaren parte da. Ikastaro honetan gaian benetan interesa dutenek eman dute izena.”
Euskararekin harremana
Dylan Inglis bere kabuz hasi zen euskara ikasten 2016an, hemezortzi urte zituela. Modu informalean hasi zen Ingalaterran, Mintzanet-en bitartez, (euskara ikasteko plataforma). Gerora, irakasle lanetan hasi zen.
Bere kasua ez da da ohikoena, izan ere, euskararekiko interesa ez du senideengandik edo arbasoenganako loturarengandik jaso. Ingalaterran euskara ikasten hasi ostean, Euskal Herrira mugitu zen. Hasieran bizitzen eta ondoren lanean eta ikerketan. Hegoaldean eta Iparraldean, bietan egon zen. Gaur egun, bere esanetan, egunero erabiltzen du euskara, batez ere Euskal Herriko lagunekin hitz egiteko eta orain berriro, klaseak emateko ere. Euskalkiekin oso harreman estua du, Zuberoan ere egon baitzen bizitzen eta hango hizkera ere ikasi baitzuen. Euskara batuaz gain, Bizkaiera, Zuberera eta Baztango euskara hitz egiten ditu.
Oso bertsozalea ere bada. Sormen adierazpide bat izan da bertsoa berarentzat.