Euskara barnetegiak unibertsitateetako eta euskal etxeetako ikasleentzat

2022/01/13

Euskara. Kultura. Mundura.

Datozen egunetan 30etik gora pertsonak hartuko dute parte Etxepare Euskal Institutuak sustatutako euskara ikasteko barnetegietan. Horietatik 11 Hego Hemisferioko hainbat unibertsitatetan (udako oporretan daude han) euskara eta euskal kultura ikasgaietan matrikulatuta dauden ikasleak dira. Beste 25ak berriz, Euskara Munduan programaren bidez euskara ikasten ari diren euskal diasporako kideak dira, etorkizunean euskara irakasle izango direnak.

Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko elkarlanari esker, urtero munduko hainbat unibertsitatetan euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleek egonaldiak egiteko aukera izan dute Zornotzako Barnetegian. Urte hasiera honetan 11 dira aukera hori baliatuko duten ikasleak. Horietatik bi, Universidad de Chile unibertsitateko ikasleak, Euskal Herrira etorriko dira urtarrilaren 17tik 28ra barnetegia aurrez-aurre egitera. Beste 9k berriz online egingo dute. Azken hauek Universidad Nacional de La Plata (Argentina),  Universidad de la República (Uruguai) eta Pontificia Universidad Católina de Chile (Txile) unibertsitateetako ikasleak dira.

Bestalde, Euskara Munduan programaren baitan, Hego Amerikan euskara irakasleak trebatzeko 2022ko lehenengo ikastaro trinkoa aurrez aurre izango da. Hala ere, eta osasun egoera oraindik normalizatu ez denez, ikastaroa hiru egoitzatan egingo da aldi berean: San Nicolaseko Euzkal Etxean, Bahia Blancako Union Vascan, eta hiri hauetara bertaratu ezin direnek FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas) Zoomaren bidez egin ahal izango dute.

Ezohiko esperientzia urtarrilaren 15etik 22ra luzatuko da eta 25 ikasle bilduko ditu: 12 Bahía Blancan, 7 San Nicolasen eta beste 6 online. Irakasleak, berriz, Gabriel Arce, Rocio Basterra, Cecilia Canz, Kinku Zinkunegi eta Gabriela Mendia izango dira.

Barnetegia burutuko duten ikasle 2020ko urtarrilean hasi ziren euskara ikasten eta B1 maila egiten ari dira, eta etorkizunean nor bere hiriko euskal etxean euskara irakasle izateko prestaketa burutzen ari dira.

Euskara Munduan programa

Euskara Munduan programaren bitartez mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza sustatzen du Etxepare Euskal Institutuak. Munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz lagundu, euskal etxeak euskara eskolak emateko materialez hornitu, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatu eta euskara irakasleen trebakuntza sustatzen dira, izan ere, giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten baitute.

Egun, 2.000 inguru dira urtero munduko euskal etxeetan euskara ikasten duten pertsonak eta 1.800dik gora munduko hainbat unibertsitateetan euskara eta euskal kultura eskolak jasotzen dituztenak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu