Euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzen epea zabalik dago
Euskara. Kultura. Mundura.
2022an zehar euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak martxan dira. Literatura, zinema, dantza, musika, antzerkia eta arte plastiko zein ikusizkoen sektoreetako profesionalek eska ditzakete. Bi bloketan datoz banatuta:
1-Euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak: arte plastiko eta ikusikoak, dantza, antzerkia, musika
Urteko lehen sei hilekoan, hau da, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, egiteko diren jarduerentzat, eskabideak aurkezteko epea apirilaren 8an hasiko da eta maiatzaren 31n amaituko da.
Aurtengoan, baldintza berriekin dator deialdia bi sektorerentzako: antzerkiaren eta musikaren kasuetan, salbuespenez, ekainaren 30a baino lehen hasi eta bigarren epean garatzekoak diren proiektuak, lehen epean aurkeztu beharko dira.
Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra 432.000 eurokoa izango da dantza, musika, antzerkia eta arte plastiko zein ikusizkoen sektoreetako profesionalei dagokienez, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da: arte plastiko eta ikusizkoetarako 75.000 euro; musika biretarako 140.000 euro; dantzarako 81.000 euro; antzerki bira eta denboraldietarako 136.000 euro.
2-Bidaia poltsak: literatura eta zinea
Literaturari eta zinemari dagokienez, 20.000 eurokoa izango da 2022an euskararen eremu geografikotik kanpo zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen gehienezko zenbateko orokorra. Eskabideak abenduaren 31ra arte aurkeztuko ahalko dira.
Euskal sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzak funtsezko tresna dira atzerrian gure kultur eta sormen sektorearen posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu, eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzeko. Deialdi honen helburua da euskal sorkuntza 2022. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko dirulaguntzak eskaintzea.
Deialdien inguruko xehetasun guztiak hemen aurkituko dituzu.