Euskal sorkuntza ezagutzeko leihoa Bogotan

2022/02/17

Euskara. Kultura. Mundura.

Kolonbiako hiriburuko Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokiak ‘Ventana Vasca’ (‘Euskal Leihoa’) programa berezia antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin. Egitasmo honen bidez, datozen hilabeteetan euskal sorkuntza deskubritzeko eta Euskal Herrian egindako musika, dantza eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango du Bogotako publikoak hiriburuko antzoki nagusietako baten eskutik.

Euskal Leihoa Ipar Euskal Herriko Lumi elektro-indie taldearen soinu organikoek irekiko dute otsailaren 19an, larunbata, iluntzeko 8:00etan, Teatro Estudio aretoan. Nahia Zubeldia eta Manu Matthysek osatzen duten bikoteak ahotsak prozesatu eta geruzak gainjartzen ditu sintetizadore, gitarra eta samplerren bidez.Taldearen bigarren lana aurkeztuko dute Bogotan, ‘Bezperen dirdira’. 2016an EP bat plazaratu ostean, 2019an iritsi zen Lumiren lehenbiziko diskoa, ‘Itzal zikinak’ izenekoa, Moï Moï records-en eskutik.

Antzerkia La Dramática Errante konpainiaren eskutik iritsiko da Bogotara. ‘Altsasu’-ren emanaldi bana eskainiko dira apirilaren 1 eta 2an. Maria Goiricelayak idatzi eta zuzendutako antzezlanak 2016ko urriaren 15ean Altsasun gertatutako istiluak eta ondorengo egunetan aferak hartu zuen norabidea ditu ardatz.

Apirilaren 27an Sigma Project-ek Kolonbiako Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin batera eskainiko du kontzertua. Andrés Gomis, Ángel Soria, Alberto Chaves eta Josetxo Silguerok saxojoleek 2007an laukote hau sortu zutenetik Europa, Estatu Batuak eta Latinoamerikan barrena kontzertu andana eman dute eta kritikaren txaloak jaso dituzte.

 ‘Ventana Vasca’ fokuari Amaia Elizaran dantza konpainiak emango dio amaiera uztailaren 29 eta 30an. ‘Mar’ ikuskizuna taularatuko du Teatro Mayor-en, ozeanoaren etengabeko mugimendua inspirazio iturri duen lana. Konpainiaren laugarren sorkuntza honek -areto batean eskaintzeko egindako lehena-  Xabi Zeberioren zuzeneko musika du lagun.

Gainera, ‘Ventana Vasca’-n parte hartuko duten artistek masterclass saioak ere eskainiko dituzte alor ezberdinetako ikasleen artean, eta audientziarekin galdera-erantzunak egingo dituzte.

Basque. Music. Bime Pro Bogotan

Euskal artisten presentzia Teatro Mayor-en paretetatik haratago iritsiko da, izan ere, aurten, lehenbiziko aldiz Bilbon egiten den BIME Pro musika topaketak Atlantikoa zeharkatuko du. BIME Pro Bogota maiatzaren 4tik 7ra egingo da Basque. Music.-ek –  Euskal Herriko musika nazioartekotzeko Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duten egitasmoa- bertan hartuko du parte Latinoamerika eta Euskadiren arteko zubi artistiko eta profesionalak eraikitzeko helburuarekin. Kolonbiako hiriburua, musika kategorian UNESCOren Hiri Sortzaileen kide izateaz gain, munduko musiken eszenan erreferente nabarmena da.  Halaber, euskal talde edo bakarlari batek nazioarteko programatzaileen aurrean showcase batean aritzeko aukera izango du, Basque. Music.-en eskutik.

Cundinamarca, lehentasunezko eskualdea

Bogota, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Cundinamarca eskualdearen hiriburua ere bada, eta 2017tik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean dago.

Gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Euskal Leihoak  egonkortzeko bokazioa du eta literatura, eta zinemaren mundura zabaldu nahi da.  Datozen egunetan Institutuko arduradunek bilerak egingo dituzte Cundinamarca eskualdeko hainbat erakunderekin, baita azpiegitura, jaialdi eta kultur guneekin ere.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu