Euskal musikak aztarna utzi du Glasgown
Euskara. Kultura. Mundura.
Celtic Connections jaialdiak otsailaren 3ra bitarte jarraituko duen arren, amaitu da Euskal Herriak bertara eraman duen ordezkaritzaren esku-hartzea. Korrontzi, Kalakan, Huntza, Oreka Tx eta Tosta Banda taldeek emanaldiak eskaini dituzte, eta urtarrilaren 24 eta 25 bitartean egindako Connecting Cultures jardunaldietan Euskal Herriko hainbat profesionalek hitza hartu dute.

Kontzertuen aldetik, Korrontzi izan zen taularatzen lehena, urtarrilaren 24ean (osteguna), Old Fruitmarket izeneko areto bihurtutako antzinako fruta merkatu batean. Horri Kalakan hirukoteak jarraitu zion egun berean, Glasgow Royal Concert Hall-eko Strathclyde Suitean.
Ostiral goizean, hilak 25, Oreka Tx bikoteak kontzertu berezi bat eskaini zuen eskolako haurrentzat, eta bertan euskal instrumentu tradizionalek nola funtzionatzen duten azaldu zieten. Ostera, ilunabarrean, Huntzaren eta Tosta Bandaren txanda izan zen: lehenak Queen Margaret Student Union aretoan jo zuen, eta bigarrenak, Glasgow Royal Concert Hall-eko areto nagusian. Ostiralak luzerako jo zuen; izan ere, gauean Late Night Sessions izeneko saio motz eta informalagoak antolatu ziren, eta bertan Huntzak eta Tosta Bandak emanaldiaren zatitxo bana errepikatu zuten, giro aparta sortuz.
Amaitzeko, urtarrilaren 26an, larunbata, Oreka Tx taldeak kontzertua eskaini zuen arratsaldean, Royal Concert Hall-en baita ere.
Baina kontzertuak ez ezik, Glasgown ere egon da hitzaldi eta lan-harremanetarako tartea. Urtarrilaren 24 eta 25ean Connecting Cultures jardunaldiak egin dira, eta horietara, Euskal Herriko 10 agentzia eta profesional joan dira, hitzaldiak eman eta networking jardueretan parte hartzera: LadyRed management, Korrontzi, DJ Makala, Mauka Musikagintza, Aztarna, TxalapArt, Bidasoa Folk, Maitakultura, Bapo Bapo productions eta Euskal Barrokensemble.