Euskal musika oholtzara Celtic Connections jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Egunotan Glasgown gauzatzen ari den Celtic Connections jaialdian euskal musika presentzia handia izaten ari da; ez soilik taldeen eskutik, baita musika arloko profesionalei dagokienez ere. Urtarrilaren 24 eta 25ean, Connecting Cultures izeneko jardunaldiak antolatu dituzte, eta bertara euskal musikaren arloko hainbat ordezkari gonbidatu dituzte, Euskal Herriko eta Eskoziako sektoreko profesionalen arteko harremana eta lankidetza sendotzea helburu.

Guztira 40 bat profesionaleko taldea osatu da jardunaldietan. Euskal Herritik 10 profesional joan dira, hala nola artistak, management enpresak edota kolektiboetako ordezkariak; eta, horiez gain, baita erakundeak ere, Institutuko ordezkariak tartean. Britainia Handitik ere zenbait ordezkari joan dira Glasgowra, jaialdi garrantzitsuenetako antolatzaileetatik hasita gobernuko erakundeetaraino. Bi lurraldeen arteko harremanak sendotzeko asmoz, hitzaldi, bilera eta networking jarduerez osatu dute programazioa.
Celtic Connections jaialdia nazioarteko erreferentea da World music edo munduko musika izeneko generoan. Jaialdiaren zuzendaritza artistikoak edizio honetarako hautatu dituen euskal taldeak Korrontzi, Kalakan, Huntza eta Oreka Tx dira; baita Tosta Banda ere, hizkuntza gutxituak balioan jartzeko sortutako proiektu kulturanitza, Eskozia, Irlanda, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko partaideak biltzen dituena. Talde hauentzako ere, jardunaldi hauek aukera interesgarria suposatzen dute, haien musika nazioartean ezagutzera ematen eta nazioarteko sektoreko profesionalekin harremanak sortzen lagundu baitezakete.
Hiru egunez izango da euskal musika oholtzan Celtic Connections-en. Urtarrilaren 24ean Korrontzik eta Kalakanek eman zituzten emanaldiak, batak Old Fruit Market aretoan eta besteak Royal Concert Hall-en. Hurrenak gaur, hilak 25, izango dira: Huntzak Queen Margaret Student Union-en joko du eta Tosta Bandak, ondotik, Royal Concert Hall-en. Bukatzeko, areto horretan bertan joko du azken kontzertua Oreka Tx bikoteak, urtarrilaren 26an.
Eskoziako euskal leihoa
Celtic Connections jaialdiko euskal partaidetza, Etxepare Euskal Institutuak Eskozian 2019 osorako antolatu duen #ScotlandGoesBasque programazio kulturalaren ekintzetako bat da. Egitasmo honek, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremana sendotzea bilatzen du kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bitartez.