Euskal literatura autobiografikoa eta autofikzioa, Chicagoko Koldo Mitxelena Katedran
Euskara. Kultura. Mundura.
- Jon Kortazar idazle eta katedradunak hitzaldi bat emango du martxoaren 4an, Tensiones en el campo literario vasco izenburupean.
- Aurtengo programa akademikoaren baitan Bernardo Atxagaren Nevadako Egunak eta Kirmen Uriberen Bilbao - New York - Bilbao eleberriak aztertuko dituzte, besteak beste.
- Jon Kortazar idazle eta katedradunak hitzaldi bat emango du martxoaren 4an, Tensiones en el campo literario vasco izenburupean.
- Aurtengo programa akademikoaren baitan Bernardo Atxagaren Nevadako Egunak eta Kirmen Uriberen Bilbao - New York - Bilbao eleberriak aztertuko dituzte, besteak beste.
Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan martxan jarritako zortzi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitatean dagoen Koldo Mitxelena Katedra. Euskal ikasketei buruzko graduondoko irakaskuntza eskaintzen duen katedra honetako aurtengo irakasle gonbidatua Jon Kortazar idazle eta EHUko Euskal Literaturako katedraduna izango da.
Kortazarrek unibertsitate komunitateari zuzendutako hitzaldi bat emango du martxoaren 4ean, astelehena, arratsaldeko 16:30ean, Chicagoko Unibertsitateko Franke Institute for Humanities gunean. Hitzaldiak Tensiones en el campo literario vasco (Tentsioak euskal literatura-alorrean) izango du izenburua, eta euskal literaturaren esparruan izan diren gatazka eta tentsioak izango ditu aztergai.
Otsailaren 21ean hasi eta martxoaren 7ra bitarte iraungo duen katedraren aurtengo programa akademikoak, Kortazarren gidaritzapean, Fronteras de la ficción en la literatura ibérica contemporánea (Fikzioaren mugak literatura iberiko garakidean) ikasgaiaren atal bat jorratuko du. Zehazki, euskal literaturaren autobiografia eta autofikziozko lanetan zentratuko da, eta bi idazle aztertuko ditu: Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe.
Ikastaroaren helburu nagusia, fikzioaren barnean ematen diren adibide biografikoak aurkeztea eta fikzioan nola txertatzen diren ikertzea da; idazle hauek nobelak egiterako orduan narrazio era tradizionalekin apurtu baitute. Landuko diren lanen artean, Nevadako Egunak (Atxaga) edota Bilbao-New York-Bilbao (Uribe) daude.
Jon Kortazar, idazle eta irakasle izateaz gain, LAIDA (Literatura eta Identitatea) ikerketa taldeko zuzendaria da. Euskal Literaturari buruzko ikerketa asko plazaratu ditu, tartean Egungo Euskal Literaturaren Historia (2007-2017), Egungo euskal komikia eta literatura (2017), edota Pott Banda. Ekilibrista bihotza. 1977-1980 (2017). Hainbat euskal idazleren lanak ere ikertu ditu. Bere lanak hamar hizkuntzatan irakur daitezke, eta Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea da.
Koldo Mitxelena Katedra
Koldo Mitxelena Katedra, Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities fakultatean txertatua dago. Ikasturte bakoitzean, entzute handiko euskal irakasle edota adituren batek egonaldia egiten du bertan, euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak emateko xedez.
AEBko unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den Katedra honek. Honekin batera, Etxepare Euskal institutuak sustatutako beste zazpi katedra ere badaude nazioarteko beste hainbat unibertsitatetan; lehena, 2011. urtean sortua, New Yorkeko CUNY (City University of New York) Unibertsitatean. Denek, graduondoko irakaskuntza espezializatua eskaintzen dute, ikasturtero gai ezberdinak landuz; eta euskal hizkuntza, kultura eta artea maila akademiko gorenean zabaldu eta aztertzeko helburua dute.
Euskal artea, 36ko Gerra eta memoria historikoa hizpide
Chicagokoaz gain, beste katedra batzuk ere 2019ko programa akademikoak zehazten hasi dira dagoeneko. Frankfurteko Unibertsitateko Eduardo Chillida Katedrara Kristina Scepanski arte historialari alemaniarra gonbidatu dute, eta apiriletik uztailera bitarte iraungo duen programak, nazioarteko eta kulturarteko harremanetan euskal arteak izan duen papera izango du hizpide. Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo Katedran, bestetik, Miren de Eguia adituak 36ko Gerran Eusko Itsas Gudarostearen Almirantea izan zen Joaquin de Eguiaren bizitza eta Liverpooleko exilioa azalduko du, martxoaren 20an hasita.
Horrez gain, Boiseko Unibertsitateko Eloise Garmendia Katedran, apirilean zehar, Ismael Manterola arte historialaria izango da irakasle, eta euskal artearen historiaren esparruko gai ezberdinak jorratuko ditu. Azkenik, Bordeaux-Montaigne Unibertsitateko Jean Haritschelhar Katedrara Mario Santana hizkuntza eta literatura irakaslea joango da maiatzean, eta euskal fikzio garaikideak memoria historikoa nola jorratu duen azalduko du, hainbat adibide erabiliz.
New Yorkeko CUNY unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedra, Nevada-Reno Unibertsitateko Jon Bilbao Katedra eta Massachusetts-Amherst Unibertsitateko William Douglas katedren programa akademikoak datozen asteetan finkatuko dira eta 2019. urteko bigarren erdian gauzatuko dira.