Euskal leihoa Bordeleko Le Rocher de Palmer zentroan
Euskara. Kultura. Mundura.
Bordeleko Le Rocher de Palmer kultur zentroak euskal kulturari udazkenero eskaintzen dion leihoa bueltan da. Aurtengoan, batetik, Juantxo Puerta Extremera eta Ignacio Rubio González argazkilari nafarren erakusketa bat aurkeztu zen azaroaren 5ean; eta bestetik, egun berean, Iñaki Salvadorren seiko formazioaren eta Mielotxin taldearen kontzertu bana izan zen.
Puerta eta Rubiok musika eta festa batu nahi izan dituzte “San Fermín y el Rockanroll” izeneko argazki erakusketan. Kirola gai duten argazkiak ere ageri dira 30 piezako sorta honetan. Juantxo Puerta rock kontzertuetan, Iruñea inguruko jaialdietan edota Nafarroako hainbat kultur ekintzatan ibilia da Juantxofotorock izenpean argazkiak ateratzen, eta hainbat aldizkaritan dabil kolaboratzaile gisa. Ignacio Rubio, hain zuzen ere, Puertaren ikaslea da, eta honek ere hainbat aldizkarirentzako egiten du lan Kukuxumusu markarentzako argazkilari izateaz gain. Azaroaren 5ean irekiera izan zuen “San Fermín y el Rockanroll” erakusketa hilaren 27ra bitarte egongo da irekita.
Aurreko ekimenarekin bat eginez, euskal musikak ere izan zuen lekua Rocher de Palmer-eko Salon de Musiques aretoan, azaroaren 5ean. Hain zuzen ere, Mielotxin folk talde nafarrak eta Iñaki Salvador musikari donostiarraren seiko formazioak eskenatokia partekatu zuten 20:30ean hasi zen emanaldian. Bakoitzak bere azken lana eraman zuen zuzenekora; musikarekin lotutako izen handi bana omentzen duten lanak, biak ala biak. Lehenarenak, Alan Lomax in Memoriam, etnomusikologo amerikar ezaguna omentzen du. Bigarrenarenak, aldiz, Lilurarik ez: Mikel Laboarekin solasean izenekoak, euskal musikariaren abesti ezagunenak jazz ukitu batez berrirakurtzen ditu.
Aipatutako kultur jarduerak Etxepare Euskal institutuak, Euskal Kultur Erakundeak eta Nafarroako Vianako Printzea Erakundeak elkarlanean sustatzen duten Aquitaine.eusprogramaren baitan txertatzen dira. Programa horrek Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzea du helburu.