Programa honen bidez arte garaikidearen esparruan trukea eta lankidetza sustatzen ditugu.
Euskal kulturaren sustapena
Euskal kulturaren sustapena
Euskara. Kultura. Mundura.
Lurralde baten nortasunaren erakusle bikaina da sorkuntza, eta bere mugetatik kanpo aniztasunari egiten dion ekarpenean sinetsita gaude, baita bere balio eraldatzailean ere. Premisa horretatik abiatuta euskal kultura nazioartean sustatzen dugu, betiere beste kulturekin elkarrizketan.
Euskal eszenako eta atzerriko sortzaile, eragile eta erakundeen arteko elkarlana bultzatu eta babesten dugu, epe luzeko lankidetza iraunkorrak jomuga. Euskal sortzaile eta kultur eta sormen sektoreko profesionalak mundu osoan barrena dabiltzan arren, Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat identifikatutako lurraldeei modu berezian erreparatzen diegu.
Gure nahia euskal artista eta sortzaileei, eta kultur eta sormen sektoreko eragile, profesional, eta erakundeei, nazioarteko eszenara gerturatzen eta harekin konexioan jartzen laguntzea da.
Nola egiten dugu hau guztia?
Euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa sustatuz
Euskal sorkuntza garaikidearen irudi dinamiko eta erakargarria proiektatzen laguntzen duten artista, egile eta sorkuntza-lanen nazioarteko presentzia bultzatzen dugu ikus-entzunezkoak, musika, arte eszenikoak, literatura eta ikusizko arteen alorrean. Horretarako kalitatezko jarduera artistikoak antolatzen ditugu eta, nazioarteko eragileekin lankidetzan aritzen gara nazioarteko programazio entzutetsuetan (jaialdiak, erakundeak, arte zentroak, bienalak, etab.) euskal sortzaileen parte hartzea bermatzeko. Beste hitz batzuetan esanda, euskal sorkuntza garaikideari begiratzeko leihoak sortzen ditugu. Horrekin batera, euskal sortzaile eta kultur eragileekin elkarlanean nazioartean euskal sorkuntza ezagutzera ematea helburu duten proiektuetan hartzen dugu parte.
Bertako eta nazioarteko eragileekin lankidetza sustatuz
Bertako eta nazioarteko sortzaile, profesional, eragile eta erakundeen arteko elkartrukea eta epe luzeko lankidetza harremanak sustatu eta bideratzen ditugu. Helburu horrekin, besteak beste, nazioarteko sareak garatzen ditugu eta atzerriko kultur eragileak Euskal Herrira gonbidatzen ditugu bertako kultur erakunde, eragile eta sortzaileak ezagutzeko, eta kultur sorkuntza eta jarduerak ikusteko (kontzertuak, erakusketak, estreinaldiak…). Elkartrukeak kultur eta sormen sektoreko eragileen ikusgarritasuna indartzen du, eta sorkuntza lanen garapen, ekoizpen eta banaketa laguntzeaz gain, kultura eta sorkuntzaren esparruan ezagutza eta esperientziak partekatzea ahalbidetzen du.
ZABAL
Euskal sortzaileen eta lanen mugikortasuna sustatuz
Gure kultur eta sormen sektorearen nazioarteko posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu, eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzeko euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzen dugu dirulaguntza deialdi publikoen bidez.
Euskal literaturaren itzulpengintza sustatuz
Etxepare Euskal Institutuak euskal idazleen eta hauen literatura-lanen zabalkundea sustatzen du. Euskal literatura nazioartean ezagutzera eman eta munduko hartzaileentzat irisgarria izan dadin literatura-lanak beste edozein hizkuntzatara itzultzeko dirulaguntzak ematen ditugu. Horrekin batera, itzultzaileen lana babestu eta balioan jartzen dugu. Basquebooks.eus webgunea kudeatzen dugu; euskal literatura laginen ataria.
Euskal kultura eta sorkuntza garaikidearen inguruko narratibak partekatuz
Euskal kultura eta sorkuntza garaikideari buruzko narratibak lehen pertsonan partekatzera bideratutako komunikazio-estrategia sustatzen dugu, kulturaren bidez gure lurraldearen nazioarteko profila indartzen laguntzeko. Argitalpen, katalogo, webgune eta bestelako ekimen espezifikoen bidez, kultura eta sorkuntza garaikideari buruzko informazioa ematen dugu. Halaber, atzerriko eragileek gure kultur eta sormen-ekosistemaren inguruko informazioa eskuratzeko eta eragile nagusiekin harremanetan jartzeko bitartekoak ezartzen ditugu. Basqueculture.eus webgunea kudeatzen dugu.